Eskubaloia

Txapeldunen Ligan eman du izena Bera Berak

15.000 euroko bermea ordainduta, irailaren 7tik 9ra bitarte jokatuko diren atariko kanporaketetan hartuko du parte.

ainara arratibel gascon
2018ko ekainaren 5a
16:26
Entzun

Gaur arte zuen baieztatzeko epea, eta baietza eman du. Bera Berak Txapeldunen Ligan parte hartzeko izena eman du, eta irailaren 7tik 9ra bitarte jokatuko diren atariko kanporaketetan parte hartuko du. Horretarako 15.000 euroko bermea ordaindu behar izan dio EHFri, eta dagokion dokumentazioa igorri. Ekainaren 26an jakingo du nor izango duen kontrario. Multzoen zozketa ekainaren 29an egingo da, eta atarikoa gaindituko balu multzo horietako batean sartuko litzateke Bera Bera, eta gutxienez beste hamabi partida jokatuko lituzke. Era berean, eta txapelketaren multzoen fasera iritsiko balitz, beste bultzada bat beharko luke taldeak, txapelketaren eskaera maila, hala kirol ikuspegitik nola antolakuntzakoan, oso handia baita.

Atarikoa igaroko ez balu, EHF Kopa jokatuko luke urrutik aurrera. Multzoen faserako sailkatzea zail ikusten du taldeak, baina ez dio muzin egin nahi

Duela bi sasoi ere atariko horretan parte hartu zuen Bera Berak. Orduan Austriako Hypo taldeak utzi zuen kanpoan talde gipuzkoarra: 25-21. Lehen zatian estu hartu zuen Bera Berak Hypo, baina bigarrenean austriarrek talde luzeagoa zutela baliatu zuten. Orduan Realaren laguntza ekonomikoa jaso zuen Bera Bera. Hala, Hyporen aurkako partida Realaren elastikoarekin jokatu zuen. 2015ean muzin egin behar izan zion parte hartzeari, ez zuelako nahikoa berme ekonomiko lortu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.