amaierako mezua

"Ziklo berri baten hasiera abian da Euskal Herrian"

Gasteizen egin dute giza katearen amaiera ekitaldia. Datorren urtean erabakitzeko asmoa gauzatzeko bidea egin nahi du Gure Esku Dago-k. Giza katean 175.000 pertsonak parte hartu dutela diote antolatzaileek.

Jone Amonarriz eta Angel Oiarbide Gure Esku Dago-ko kideak, mezua irakurtzen. JAIZKI FONTANEDA, FOKU
Amagoia Mujika Tolaretxipi.
2018ko ekainaren 10a
19:00
Entzun

Bizikidetzaren, burujabetzaren eta erabakiaren "aro berria" hasi dela aldarrikatu du Gure Esku Dago-k Gasteizen, giza katearen amaiera ekitaldian. Jone Amonarriz eta Angel Oiarbide Gure Esku Dago-ko kideek irakurri du agiria, euskaraz eta gazteleraz, eta hala amaitu da mobilizazioa. "Jauzi handi bat egin dugu", esan du Amonarrizek.

Gure Esku Dago-k giza katean eskuz esku batu ditu erabakitzeko arrazoiak. Donostian giza katean lehen lekuan zegoenak, Paulo Muñoak, Herritarren Ituna pasatu dio aldamanekoari, eta eskuz esku eraman dute hala sinbolikoki Eusko Legebiltzarrera "2019 arrazoien bilduma", datorren urtean erabakitzeko eskubidea gauzatzen has dadin. Hilabeteetan herriz herri egindako lanketa parte hartzaile eta zabalaren emaitza da agiri hori. Gasteizera eraman dute, eta iragarri dute asmoa dutela laster Nafarroako Parlamentura eramateko.

Ahalegina areagotzeko unea heldu dela iritzi dio Gure Esku Dago-k: elkarlanaren bidetik eta aurreiritzirik gabe bide horretan sakonduz. Horregatik, lan esparruak zabaldu eta sakontzeari ekingo dio, uste baitu estatus politikoaz erabakitzeko eskubidea gauzatzeko formula denon artean hitzartu behar dela, adostasun zabalak eraikiz bilatu eta eztabaidatu, "modu librean eta demokratikoan". Azken hilabeteotan Euskal Herrian izan diren aldarrikapenak baliatu beharra ere ikusi dute, besteak beste, Altsasuko auzipetuen alde sortu den mugimendua, edota pentsiodunena eta feministena, Gure Esku Dago-ren iritziz, gizartea eraldatzeko ahotsak dira horiek guztiak, eta erabakitzeko eskubidearen alde denak. Mugimendu horiek eta beste hainbat gizarte eragile batuta, erabakitzeko eskubidearen aldeko sare iraunkorra sortuko du, Euskal Herriko lurralde guztiak aintzat hartuz.

Erabakitzeko eskubidea gauzatzea giltza izango da hurrengo aroan, "epe luzerako bizikidetza bermatzeko gako garrantzitsua delako". Herritarren borondate demokratikoa izango da, GEDren iritziz, oinarri eta muga bakarra. Erronka bikoitza da: euskal lurraldeetan esparru demokratiko sendo bat eraikitzea, eta aldi berean, burujabe erabaki ahal izateko baldintzak sortzea. Gaur jauzi handi bat egin dugu", Amonarrizen arabera: "Erakutsi dugu gero eta gehiago garela herri burujabe bat nahi dugun herritar ahaldunduak. Gaur irribarrea eta ilusioa eskuz esku barreiatu ditugu, lau haizetara". Orain arte bezala, lanean jarraituko dute herritarrek, Amonarrizen ustez, ""Etorkizuna erabaki arte, jende zoriontsua libre izan arte". Hasi da bidea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.