Soldata arrakala

Hego Euskal Herriko emakumeen soldatak %33 handiagoa beharko luke gizonen parekoa izateko

LABek aurkeztutako txosten baten arabera, emakumeen soldata batez beste gizonena baino 7.700 euro txikiagoa da. Hori dena etxeko langileen egoera kontuan hartu gabe.

jarraia153569.jpg
Lander Muñagorri Garmendia.
2018ko ekainaren 20a
07:05
Entzun

Soldata arrakalan ez da aldaketarik egon azken hamar urtean, eta “egiturazkoa bihurtzen ari da”. Arantxa Vazquez LABeko idazkaritza feministako kidea da, eta gizon-emakumeen soldatan dagoen ezberdintasunaren inguruko kezka azaldu du, egoera bideratzeko ez delako ezer egiten ari. Eman dituzten datuei begiratuz baieztapen hori agerian geratzen da.

Hego Euskal Herriko emakumeek batez beste gizonek baino 7.700 euro gutxiago jasotzen dituzte soldatetan, eta, ordain hori berdintzeko, emakumeen soldatak %33 handiagoa beharko luke. Enplegu partzialen %78, gainera, emakumeek betetzen dituzte, eta behin-behinekotasun tasa %28koa da emakumeen artean, eta gizonen artean, %23koa. “Hori guztia etxeko langileen egoera kontuan hartu gabe; datu horiek estatistiketan txertatuz gero, soldata arrakala askoz handiagoa izango litzateke”, Vazquezen arabera.

Datu horiek biltzeaz aparte, sindikatuko bulego feministak Hego Euskal Herriko 284 lantokitara gutun bat bidali du soldata arrakalaren inguruko informazioa eskatzeko. Azterketa horretan, besteak beste, honako galdera hauek egin zizkien enpresariei: langile multzoa nola banatua dagoen, gizon eta emakumeen soldataren batez bestekoa, kontratu partzialetan emakumeek duten presentzia, behin-behineko kontratuak nori egiten zaizkion, edo zuzendaritza karguetan dauden emakumeen batez bestekoa. 284 lantokietatik 43k bakarrik erantzun zioten LABek egindako eskaerari.

2007. urtetik, gainera, 250 langile baino gehiago dauzkaten enpresak behartuta daude berdintasun plan bat egitera, baina errealitateak bestelako datuak utzi ditu agerian. “Industriaren kasua oso aipagarria da, gehiago kobratzen den sektorea izanda emakume gutxiago daudelako”, Vazquezen arabera. 250 langile baino gehiago dituzten enpresa gehienetan ez dago berdintasun planik, eta hala daukatenek ere “ez dute betetzen”. Horren adibidetzat jarri du, esaterako, Volkswagenen kasua. Landaben industria gunean dagoen lantegiak berdintasun plana eduki arren ez duelako betetzen, eta arrazoi horregatik lan ikuskaritzan salaketa bat dauka.

Aldaketarik ez

Horren guztiaren eraginez, soldata arrakalak bere horretan jarraitzeko arriskua duela salatu du LAB sindikatuak. “Berdintasun planek indarrean egon diren 25 urteetan ez dute egoera irauli, eta ezin dugu esan aurrerapausorik egon denik”, Elixabete Etxeberria bulegoko kidearen arabera. Baina, horretarako, lehenbizi datuak behar direla azaldu du, “eta egun ez dago halako ezer; eta enpresen aldetik ere ez dago horretarako interesik”. Egungo berdintasun politiken inguruko kontrolik eza ere salatu du sindikatuak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.