Futbola

Jagoba Arrasate da Osasunako entrenatzaile berria

Urte bakarerako kontratua sinatu du, eta Bittor Alkiza izango da bere laguntzailea

Jagoba Arrasate, ezkerretara, Osasunaren aurka jokaturiko parida batean. IDOIA ZABALETA / FOKU
Imanol Magro Eizmendi.
2018ko ekainaren 20a
07:02
Entzun

Zurrumurruak ozenak ziren, eta gaur baieztatu dira: Jagoba Arrasatek (Berriatua, Bizkaia, 1978) zuzenduko du Osasuna heldu den sasoian. Klubak jakinarazi duenez, urte baterako sinatu du, eta Bittor Alkiza izango da bere laguntzailea. Azken hiru denboraldietan lan txukuna egin du Numantziaren aulkian —azken honetan igoera kanporaketetarako sailkatu du— eta horrek ireki dizkio Taxoareko ateak.

 

Osasunak Diego Martinezen kontratua eten zuenetik hasi zen entzuten Arrasateren izena. Orduan, baina, Numantziak oraindik Lehen Mailara igotzeko aukerak zituen. Behin kanporatuta, baina, Arrasatek Sorian ez jarraitzea erabaki zuen. Hautu logikoa da, Arrasatek ondo ezagutzen du euskal futbola eta Osasuna, eta Braulio Vazquez gorritxoen kirol zuzendariak harreman estua du Numantziarekin. Handik jasotako iritzi onek ere pisu handia izango zuten erabakia.

 

Osasuna, horrenbestez, Arrasatek puntan zuzenduko duen hirugarren taldea da. Realean hasi zuen bidea, 7. postuan bukatu zuen lehen sasoian, baina hurrengoan kaleratu zuten. Numantziaren deia jaso zuen gero eta orain Osasuna Lehen Mailara bueltatzeko erronka hartu du. Deigarria da sasoi bakarrerako akordioa sinatu izana.

 

Arrasate hautatu izanarekin bat, jokalarien inguruko zurrumurruak zabaldu dira, eta baliteke entrenatzailea ez izatea Soriatik Iruñerako bidea egiten duen euskal herritar bakarra.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.