Ekonomia

Ekonomia %3,1 haziko da Hegoaldean aurten eta %2,6 2019an, Laboral Kutxaren arabera

"Aurreikuspen positiboei" kalte egin diezaieketen arriskuen artean protekzionismo bolada eta merkataritza gerra aipatu ditu kreditu kooperatibak.

Xabier Egibar (ezkerrean) eta Joseba Madariaga Laboral Kutxaren txostena aurkezten, gaur, Bilbon. MONIKA DEL VALLE / EFE
Jon Fernandez.
2018ko uztailaren 19a
14:31
Entzun

"Hedapen faseak jarraitu egingo du". Gutxienez, 2019a amaitu arte. Laboral Kutxak euskal ekonomiaren gaineko azterketa aurkeztu du Bilbon eta Iruñean, eta aurreikusi du BPG barne produktu gordina %3,1 haziko dela aurten Hego Euskal Herrian, eta %2,6 datorren urtean.

Aurtengo lehen seihilekoko datuak eskuan izanda, "igurikimenak positiboak" direla azaldu dute Xabier Egibarrek eta Joseba Madariagak, Laboral Kutxako negozio garapenerako areako zuzendariak eta ikerketa zuzendariak, hurrenez hurren.

Zehaztu dute, halere, 2018aren bigarren erdian "nolabaiteko moteltzea" izango duela hazkundeak. Azaldu dutenez, moteltze horretan hainbat faktorek eragin dezakete. Batetik, uste dute AEB Ameriketako Estatu Batuetako Fed Erreserba Federalak interes tasak "normaltasunera" igotzeak eragina izango duela garabidean dauden herrialdeetan, "igoeren erritmoaren eta mailaren arabera".

Arrisku nagusiak

Beranduago eta motelago bada ere, EBZ Europako Banku Zentralak ere iragarri du interes tasak igotzeko bidea hartzeko asmoa daukala: 2019aren bukaeran tasak igotzen has daitezkeela aipatu du, betiere inflazioaren suspertze bidea arriskuan jartzen ez bada (%2tik gertu, baina hortik behera).

Hau da, Feden eta EBZren norabide aldaketaren ondorioz, hazkunde ekonomikoak galdu egingo du azken urteetan bultzatu duen "diru politika bigunaren" makulua.

Baina badira diru politika baino kontu "kezkagarriagoak" Laboral Kutxarentzat, euskal ekonomiaren bilakaeran eragin dezaketenak: protekzionismo bolada eta merkataritza gerra hain zuzen ere. "Kostu bat eragingo dute BPGan eta enpleguan, eta ziurgabetasuna areagotzen dute".

Arriskuen zerrendan beste batzuk ere gehitu ditu: brexit-a eta hari buruzko negoziazio prozesua, Italiako Gobernu euroeszeptikoa eta "Kataluniaren inguruko gatazka".

Ekonomiaren ahultasunak

Susperraldi ekonomikoaren aroan egon arren, Laboral Kutxako txostenak nabarmendu du erreparatu behar zaiela euskal ekonomiaren alderdi ahulei ere: "Kontu publikoak kontsolidatzea izango da premiazkoena, beharbada". 2018an defizita %3tik behera kokatuko da Espainian, hala ere, "zorpetze publikoa oso handia denez, beharrezkoa da neurri egokiak bideratzea".

Ahultasunekin jarraituz, txostenak produktibitatea hobetzeko beharra ikusten du, eta egiturazko langabezia murrizteko neurriak hartzeko beharra.

45.000 lanpostu berri

2017an, Nafarroan, %10,2ra jaitsi zen langabezia tasa; Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, berriz, %11,3ra. Laboral Kutxako txostenak aurreikusi du 2019a amaitzerako langabezia tasa %10etik behera egongo dela: datozen bi urteetan espero du 45.000 lanpostu sortuko direla Hegoaldean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.