Gizarte politika

Legealdi hasieratik, Nafarroan artatutako menpekoen kopurua %50 handitu da

Miguel Laparra Eskubide Sozialetako lehendakariordeak legealdiko hiru urteen "balantze oso positibo" egin du, eta "lorpenak aldaketaren aldeko gobernuari esker" direla nabarmendu du

Miguel Laparra gaur eman duen prentsaurrekoan. JAGOBA MANTEROLA/ FOKU
Olatz Azpirotz Larzabal.
2018ko uztailaren 23a
14:03
Entzun

Nagusiki Nafarroako pobrezia gutxitu dela azpimarratu du. Legealdiaren hasieran Eskubide Sozialetako Departamenduko helburu nagusietako bat zen, eta, Nafarroako Gizarteratzeko Plana onartu zenetik Nafarroako pobrezia tasa erdira gutxitu dela helarazi du; zehazki, %8,3ra jaitsi da tasa.

Gaur goizean agerraldia egin du Miguel Laparra Nafarroako Gobernuko Eskubide Sozialen lehendakariordeak. Bertan, Nafarroan errenta bermatuak izan duen igoera nabarmendu du: egun, 2015ean baino %42,5 familia gehiagok jaso dute errenta bermatua. Adingabeen artean, onuradunen kopurua  %30.6 igo da: 2018ko ekainean 7.798 adigabek jasotzen zuten laguntza.

Langabezia behera, afiliazioa gora

Era berean, hiru urteotan 10.857 langabe gutxiago daudela azaldu du Laparrak, eta horri lotuta, 24.268 pertsona gehiago izena eman dute Gizarte Segurantzan. Zentzu horretan, enplegu politiken aurrekontua %15,7 handitu da epe horretan. Enplegu politika aktiboei dagokionez, lanbide heziketaren hazkundea azpimarratu du: 2017an, adibidez, 23.297 lagunek jaso zuten prestakuntza, aurreko urtean baino %18,6 gehiagok, edo 2015ean baino %58 gehiagok.

Datuak eman ostean, “gizartean eginiko inbertsioak fruituak ematen hasi dira”, Laparraren arabera. Dena den, gaineratu du "oraindik ere egiteko dutena oso garrantzitsua" dela: "Erritmo onean ari gara lanean proiektu oso garrantzitsuak osatzeko, eta legealdi batetik haragoko gaietan lana planifikatzen ari gara, era berean". Egiteko dauden gauzen artean, etxebizitza hutsaren inguruko dekretua aipatu du. Gainera, "aurki" zaintzaileen kontrataziorako laguntza berri bat onartu dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.