Finantza publikoak

Euskal administrazioen defizita BPGren %1,6koa izan da 2016an

%34,8 egin du behera defizitak urte horretan, eta 1.150 milioi eurokoa da, Eustaten arabera.

Pedro Azpiazu Ogasun sailburua, Jaurlaritzaren Bonu Jasangarria aurkezten. IREKIA
xabier martin
2018ko uztailaren 24a
11:27
Entzun

Euskal administrazioek ahalegin handia egin dute defizita bridatzeko, eta 2016. urteak emaitza ikusgarriak eman ditu helburu horri begira. %34,8 murriztu da urte bakar batean, eta 1.150 milioi euroko defizita egon zen, BPG Barne Produktu Gordinaren %1,6a. Aurreko urtarekin alderatuta, puntu oso bat egin du atzera BPGarekiko defizitak (%2,6koa izan zen 2015an).

Horiek horrela, Euskal Autonomia Erkidegoaren defizita Europako Batasunaren batez bestekoan dago; 2016an %1,6koa izan zen batez besteko hori, eta 2015an %2,3koa. Espainia da batez bestekotik oso gora daudenen artean deigarriena: %5,3 izan zuen 2015ean, eta %4,5  2016an.

Euskal administrazioek 25.834 milioi euroko baliabide ez finantzarioak kudeatu zituzten 2016. urtean, eta enplegu ez finantzarioak 26.985 milioi eurokoak izan ziren. Administrazioen finantza beharra gutxitu egin da, enplegu ez finantzarioen gainetik hazi direlako baliabide ez finantzarioak. 2015arekin alderatuta, %4,5 igo ziren baliabideak, eta %1,9 enplegu ez finantzarioak.

Kotizazio sozialak

Baliabide horien artean kotizazio sozialek izan zuten pisu gehien. Kopuru osoaren %32 izan ziren; kotizazioen atzetik, ekoizpenaren inguruko zergak eta inportazioak izan ziren ekarpen handiena egindakoak (%31). Ondoren, errenta zergak, ondare zergak eta beste hainbatek %25,7ko ekarpena egin zuten. Iturri guztiek ekarri zuten emari handiagoa 2015. urtearekin alderatuta.

Beste aldean, enplegu ez finantzarioak 26.985 milioi eurokoak izan ziren, 2015an baino 501 milioi gehiago. Gastu handieneko partida prestazio sozialena izan zen, eta eskumen sozialena, hezkuntza, Osakidetza eta gastu farmazeutikoa. Denak batera, gastuaren %48 ordezkatzen dute. 249 milioi gehiago gastatu zen alor horretan aurreko urtearekin alderatuta. Soldatapekoen ordainketak, berriz, gastuaren %25,3 izan ziren (+%2,1); eta kontsumoa %13,9 (+%1,7).

Jaurlaritza, aldundiak eta udalak

Horiek horrela, euskal administrazioen saldoa asko hobetu zen 2016. urtean; 375 milioi euroko behar finantzariotik 284 milioiko gaitasun finantzarioa izatera pasatu da egoera. Eusko Jaurlaritzaren erakunde guztien multzoak bere finantzaketa beharra gutxitu zuen; 410 milioi eurokoa izan zen behar hori, aurreko urtean baino 29 milioi gutxiago.

Tokiko administrazio guztiek saldo positiboa erakutsi zuten. Araban, Foru eta udal administrazioek 108 milioi euroko emaitza positiboa lortu zuten, eta aurreko urtean milioi bakarrekoa izan zuten. Gipuzkoan 169 milioi euroko emaitza egon zen, aurreko urtean baino 85 milioi gehiago; eta Bizkaiak 416 milioi euroko emaitza positiboa islatu zuen. Aurreko urtean 22 milioi euroko emaitza negatiboa izan zuenez, bilakaera ikusgarria da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.