Euskal presoak

Foro Sozialak eragileekin "konfiantzak eraikitzen" jarraitu nahi du

Foro Sozial Iraunkorreko kide Teresa Todak eta Juanjo Espinak azaldu dutenez, azken asteetan harremanak izan dituzte eragile ugarirekin; bilera horietatik ondorioztatu dute "adostasun sendo eta zabala" dagoela konponbiderako premiazko agendaren inguruan.

jarraia154887.jpg
gotzon hermosilla
2018ko uztailaren 24a
07:09
Entzun

Azken asteetan, Foro Sozial Iraunkorrak kontaktuak izan ditu Eusko Jaurlaritzarekin, Nafarroako Parlamentuko presidente Ainhoa Aznarezekin, Eusko Legebiltzarreko Giza Eskubideen Batzordeko presidente Ana Oregirekin, arartekoekin eta EPPK Euskal Preso Politikoen Kolektiboko ordezkariekin. Horrez gainera, gizarte zibileko eragile ugarirekin eta 72 pertsona esanguratsurekin ere trukatu dituzte iritziak. Laster Nafarroako Gobernuarekin eta Espainiako Gobernuak EAEn zein Nafarroan dituen ordezkariekin ere bilerak egitea espero dute.

Bilera sorta horretatik ondorioztatu dute "adostasun sendo eta zabala" dagoela "konponbiderako premiazko agenda" osatzen duten puntuen inguruan —gaixo diren eta 70 urte baino gehiago dituzten presoen auzia, urruntzearen amaiera, graduen aldaketa, Frantziako kartzeletan betetako zigorrak aintzat hartzea eta espetxe eskumenen transferentzia— eta "korapiloa askatzen" hasi dela. Espainiako Gobernua ere "bere bide orria marrazten" ari dela deritzote, oraindik "gauza asko definitzeke" dauden arren.

Bilera horietatik guztietatik, bereziki nabarmendu dute Alboroteko espetxean (Granada, Espainia) EPPK-ko kide Jon Olarra eta Ainhoa Mujikarekin egindakoa. Esan dutenez, bilera egiteko baldintzak ez ziren egokienak izan, baina, hala ere, hainbat ondorio positibo atera dituzte handik: presoek "itxaropenez" hartu dutela egoera berria, nahiz eta "zuhurtziari" eusten dioten; presoak prest daudela euren ibilbidea espetxe legediaren barruan egiteko; prest daudela egindako minaren aitortzan ere urratsak egiteko, eta, azkenik, "bide orriaren diseinuan" ere ekarpenak egiteko prest daudela.

Foro Sozialak uste du ezinbestekoa dela orain arte lortutako adostasun instituzional, politiko eta sindikalari eustea. Era berean, "presoei entzun" egin behar zaiela deritzote, eta garrantzi berezia eman diote "gizarteratze egitasmo bat" lantzeari eta hori preso guztiek baliatzeko modukoa izateari. Azkenik, "garaile eta garaituen eskemetatik" urrundu egin behar dela uste du Foro Sozialak, "protagonismoak eta kalkulu elektoralak alde batera utzita".

Etxerat-eko Patrizia Velez bat etorri da Foro Sozialaren balorazioarekin, baina berriro gogorarazi du presoen senitartekoek ezin dutela sufrimenduaz hitz egin iraganeko kontua balitz bezala: "Gure sufrimendua orainari lotuta dago", esan du. Itxaropentsu agertu bada ere, gogora ekarri du eskubideak "urratu edo errespetatu" egiten direla, "eta oraintxe bertan Espainiako Gobernuak eskubideak urratzen segitzen du".

Sareko bozeramaile Joseba Azkarragak, berriz, "itxaropenez eta zuhurtziaz" hartu ditu azken asteotako adierazpen eta mugimenduak, eta dei berezia egin die epaileei: "Askotan arlo politikoari egiten diogu enplazamendua, baina arlo judizialak ere badu zeresana. Legea betetzea ezin da askoz gehiago atzeratu".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.