1936ko gerrari lotutako artxibo historikoak jarriko ditu ikusgai Gipuzkoako aldundiak

Gipuzkoako Probintziako Artxibo Historikoan jarriko dituzte ikusgai, Oñatin. Besteak beste, frankismo garaiko Gipuzkoako espetxeen funtsak daude.

Itxaso eta Telleria, Gipuzkoako Probntziako Artxibo Historikoan. GORKA RUBIO / FOKU
2018ko uztailaren 27a
18:51
Entzun

Ekainaren 4an Eusko Jaurlaritzak Gipuzkoako Foru Aldundiaren esku utzi zuen Gipuzkoako Probintziako Artxibo Historikoa, baita Espainiako Estatuaren titulartasuneko artxiboak kudeatzeko ardura. Eskuz aldatzearekin batera, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura diputatu Denis Itxasok adierazi du eraikinari "ahalik eta probetxu handiena" atera nahi diotela.

Artxibo historikoa Ondare Historiko-Artsitikoaren eta Artxiboen Zerbitzuan integratu da, Gipuzkoako Artxibo Orokorrarekin eta Gipuzkoako Protokoloen Artxibo Historikoarekin batera. Era horretan, begirada "globalago" bat eman nahi zaiola adierazi du Itxasok. Gainera, eraikinaren gaitasuna kontuan izanik —19 kilometro apalategi ditu, eta egun 3,4 kilometro daude beteta—, protokoloen artxibo historikoa ere eraikinera mugitzeko asmoa dute.

Dokumentazio anitza dago artxibo historikoaren barruan, baina "memoria historikoari" lotutakoak azpimarratu ditu Itxasok. 1936ko gerra eta frankismo garaiko Gipuzkoako espetxeen funtsa da esanguratsuenetako bat. Horietan, presoen hainbat zerrenda eta horiek espetxeratzeko arrazoiak ageri dira. Beste era bateko informazioak ere aurkitu daitezke han, besteak beste, Realaren ingurukoak, Ogasunaren inguruko informazio "bitxiak" eta Gipuzkoak jasotako turismoaren inguruko datu historikoak.

Probintziako artxibo historikoak eta protokoloen artxibo historikoak bat egitearen garrantzia ere azpimarratu du Mari Jose Telleria Kultura zuzendariak. Egun, artxibo bakoitzak bi langile ditu, eta elkartzean lan taldea handitzeko aukera egongo dela azpimarratu du. Martxan jartzean, Gipuzkoako aldundiaren esku solik egon beharrean, beste hainbat elkarterekin ere lan egingo dela adierazi du, herritarrek dokumentazioaren berri izan dezaten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.