Euskal presoak

Senideak zeramatzan autobusaren kontrako erasoaren "inpunitatea" salatu du Etxerat-ek

Urtzi Errazkinek eta Patrizia Velezek esan dute "onartezina" dela erasoa, "are gehiago kontuan hartuta autobus horrek ez zuela bide hori ezta antzekorik ere egin behar"

Etxerat elkatearen agerraldia. JUNE PRIETO, FOKU
gotzon hermosilla
2018ko uztailaren 30a
09:41
Entzun

Joan den larunbatean, Algeciras, Puerto eta Sevillako espetxeetara (Espainia) euskal presoen senide eta lagunak eramaten dituen autobusari eraso egin zioten. Autobusean zihoan lagun batek azaldu duenez, erasoa 19:00etan gertatu zen, Algecirasko bisitaldia amaitu eta autobusa Puerton eta Sevillan bisita izan zuten senideen bila zihoanean. Objektu gogor bat bota zieten, eta ezker aldeko kristaletako bat txiki-txiki eginda gelditu zen. Kristalaren ondoan bi senide zeuden eserita, baina kristala bikoitza denez, ez zuten zauririk jaso.

Etxerat-eko bozeramaile Urtzi Errazkin eta Patrizia Velezek salatu dute gertatutakoa, senideek pairatzen duten "babesgabetasuna" eta horrelako erasoek izaten dutem "inpunitatea". Esan dutenez, ez da lehenengo aldia, eta horrelako erasoak maiz gertatu dira senide eta lagunak espetxeetara eramatzen dituzten autobus eta furgoneten kontra.

Horrelako erasoak gertatzen direla jakinda, "salbuespeneko espetxe politikari" eta presoen urruntzeari eustea "onartzezina" dela uste dute Etxerat-ekoek. Horregatik, espetxe politika hori bertan behera uzteko, presoak Euskal Herriko espetxeetara hurbiltzeko eta gaixo handi diren presoak berehala askatzeko eskatu dute.

Espainiako Gobernua laster batean presoak hurbiltzen has daitekeela dioten zurrumurruen aurrean, Velezek esan du "adierazpenak" baino gehiago "ekintzak" behar dituztela. "Presoez hitz egiten dutela entzuten dugu, baina oraingoz ez dago aldaketarik, eta horrelakoek senideengan antsietatea besterik ez dute sortzen", azaldu du. Egin beharreko mugimenduak "lehenbailehen" egiteko eskatu du, auzia "presazkoa" delako.

Etxerat-ek gogorarazi du asteazkenean urteroko elkarretaratzea egingo dutela Loiolako basilikan (Gipuzkoa), eta asteburuan Euskal Herriko hondartzetara joko dutela euskal presoen eskubideak aldarrikatzera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.