hegaztien gripea

2006/04/04. Ez dute gaitzik antzeman EAEn aztertutako 2.529 hegaztietan

2006ko uztailaren 7a
12:57
Entzun
Eusko Jaurlaritzak 2.529 hegazti aztertu ditu iazko urritik aurtengo otsailera, gehienak etxaldeetakoak. Ez du hegazti griperik antzeman. «Baina hegazti gripearen oso agerraldi kutsakorra iritsita ere, Euskal Autonomia Erkidegoa prest dago aurre egiteko», esan zuen Gonzalo Saenz Samaniego Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza eta Arrantza sailburuak, atzo. Samaniegok Eusko Legebiltzarreko Nekazaritza eta Arrantza Batzordean hitz egin zuen, berak eskatutako agerraldian. Luis Javier Telleriak, Samaniegoren kabineteko zuzendariak, iragarri zuen EAE dela hegazti gripea antzemateko aukera gehien duen autonomia erkidegoa, «gu ari baikara azterketa gehien egiten».

Hegazti gripea Arabara, Bizkaira edo Gipuzkoara iristen bada, basa hegazti baten bitartez iritsiko dela aurreikusi zuen Telleriak. Samaniegok nabarmendu zuen apirila hegazti gripea kutsatzeko garairik arriskutsuenetakoa dela, basa hegaztien migrazio sasoia baita.Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan bi milioi hegazti daudela zehaztu zuen Gonzalo Saenz Samaniegok. Horietako gehienak hiru probintzietako 126 etxaldeetan. Baita etxean jateko oiloak eta oilaskoak dituzten 20.000 baserrietan ere. Samaniegoren esanetan, basa hegaztiak eta itsas hegaztiak 46.000 inguru dira eta horietatik %16k (7.360) dute hegazti gripea kutsatzeko arriskua.

Gasa, motelegia

Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza eta Arrantza Sailak hegazti gripea agertzen denean jarraitu beharreko protokoloaren simulakroa egin zuen martxoaren 8an Irunen (Gipuzkoa). 1.700 oilo hil zituzten. Probaren arrakasta berretsi zuen atzo ere Samaniegok. Hala ere, atzo zehaztu zuenez, gasa erabiliz hegaztiek hiltzeko behar duten denbora «gehiegizkoa» da eta hegaztiak hiltzeko modu «azkarragoa» bilatzea komeni da.

Datua:348.624

Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza eta Arrantza Sailak 348.624 euro gastatu ditu orain arte hegazti gripearen prebentzioan: 250.000 euro baino gehiago zaintza eta kontrol planean; 29.700 euro sentsibilizazio eta prestakuntza ekintzetan; 28.500 euro larrialdietarako materialean; eta 16.000 euro Irunen (Gipuzkoa) egindako simulakroan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.