Ordu aldaketa

Ordu aldaketak kentzea proposatuko du Europako Batzordeak

Elektrizitatea aurrezteko neurri gisa jarri zuten indarrean; Europako hainbat estaturen arabera, ordea, ez da eraginkorra. Ordu aldaketa kentzeko proposamena Europako Legebiltzarrak eta Europako Kontseiluak onartu beharko dute.

Londresko Big Ben erloju ezaguna. ANDY RAIN
Ainhoa Larretxea Agirre.
2018ko abuztuaren 31
09:53
Entzun

Egun, Europan urtean bitan aurreratzen eta atzeratzen da ordutegia. Martxoan ordu bete atzeratzen da; urrian, aldiz, aurreratu. Ordu aldaketa horiek, ordea, ezbaian egon dira azken urteetan, eta Europako hainbat estatuk behin baino gehiagotan eskatu dute kentzeko.

Bi eguneko jardunean urtean bitan egiten diren ordu aldaketak mantendu edo kenduko dituzten eztabaidatu du Europako Batzordeak, eta Jean-Claude Juncker Batzordeko presidenteak gaur jakinarazi du emaitza: Europako Batzordeak ordu aldaketa kentzea proposatuko du. Europako Legebiltzarrak onartu beharko du orain Batzordearen proposamena eta baita Europako Kontseiluak ere.

Uztailaren bortzetik eta abuztuaren hamaseira bitarte, loteslea ez zen herri galdeketa bat egin du Bruselak, herritarrek gaiaren inguruan zer iritzi duten jakiteko. %80 ordu aldaketaren kontra azaldu ziren. "Herritarrei kasu egin diegu", esan du Junckerrek ZDF kate alemaniarrean egin dioten elkarrizketan.

Alemaniako Westfalenpost kazetak zabaldu duenez, 4,6 milloi biztanlek hartu dute parte galdeketan, eta %80k kentzearen aldeko hautua egin dute. Aipagarria da, hala ere, parte hartu dutenenetatik 3 milloi alemaniarrak zirela, betiere datuak zabaldu dituen kazetaren arabera.

Margaritis Schinas Europar Batzordeko bozeramaileak adierazi duenez, herri galdeketaren emaitza loteslea izan ez arren "kontuan hartu dute" auzia eztabaidatzeko orduan. Gainera, galdeketako emaitzez gain, Europar Parlamentuaren eskaera ere kontuan hartu dute. Europako Parlamentuak, aurtengo otsailean, eskaera bat adostu zuen, eta ordu aldaketak kentzeko eskatu zion Europako Batzordeari.

Europar Batzordeak adierazi duenez, gaur egun, bi aukera bakarrik daude: Europa guztian ordu aldaketak kentzea edo denetan mantentzea. Izan ere, ez da gomendagarria estatu batzuek ordua aldatu eta bertzeek mantentzea. Egun, energia aurrezteko hartutako neurri bat da, baina hainbat estatu kexu azaldu dira goizean aurreztutakoa gauean gastatzen delako, eta, beraz, proportzioan ez delako ia energiarik aurrezten. Gainera, Europako Parlamentuaren arabera, zantzu argiak daude ordu aldaketa osasunerako kaltegarria dela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.