Kronologia

 

Berria -

2018ko irailak 11

Biktimak 12 urte zituen eraso egin ziolarik. 1990an sexualki eraso egin zion apaizak. Elizako hierarkiak erasoen berri 1991 urtean ukan zuen eta isilpean atxikitzea erabaki zuen; bai orduko Baionako apezpikua zen Pierre Moleresek, bai geroztik izendatu Marc Ailletek. Horra afera frango korapilotsu horren kronologia:

• 1990. Erasoa: Jean François Sarramagnan apaizak bere ilobari eraso egin zion sexualki. Ilobak 12 urte zituen orduan. Gertakarien leku eta egun zehatzak ez dira oraino biziki argi publiko egin diren elementuetan. Baliteke erasoen gune bat Hazparnen izatea, beste bat Polonian.

• 1991. Aitortza elizako hierarkiari: Sarramagnanek berak aitortu zien erasoa ilobaren gurasoei. Amak segidan abisatu zuen orduko Baionako apezpikua zen Pierre Moleres. Moleresek ez zuen justizia abisatu, eta amari hitz eman zion Sarramagnan apaiza psikologikoki segituko zutela. Amak garaian ez zuen salaketa epaitegietara eraman. Afera argira ekarri duen Mediapart aldizkariari esplikatu dionez, semea babesteko izan zen, semearen sufrimenduak plaza publikora ez ekarriz.

• 2007. Beste sexu eraso bat: Sarramagnan apaizak poliziari aitortu zion sexu eraso bat jasanarazi ziola emazte gazte bati. Auzigabetua izan zen. Zenbait hilabetez Moleres apezpikuak urrundu zuen Baionako parropiatik.

• 2008. Beste bi eraso: Baliteke beste bi adingabeei erasoak egin izana. Hor ere auzigabetua da apaiza.

• 2008. Marc Aillet Baionako apezpiku izendatua.

• 2009. Aillet jakinean zen, baina ez zuen seinalatu. Sarramagnanek maiatzean aitortu zion erasoa Ailleti. Biktimaren familiak ere idatzi zion Ailleti ekainean. Familiak apaiza “erne” zaintzeko eskatu zion Ailleti, baina salaketarik jarri gabe. Ailletek segurtatu zien ez zuela gehiago harreman zuzenik ukanen haurrekin. Ailletek ez zion erasoa seinalatu justiziari; Sarramagnan apaiza izendatu zuen Hiriburuko elizako apez laguntzaile eta Hiriburu eta inguruetako elizari lotu eskoletako irakasleen formatzaile. Prentsan agertu da geroztik haurrekin kontaktu zuzenak badituela apaizak. Argazkietan agertzen da haurrak ondoan dituela. Lizeoko ikasle batzuekin solasean ere grabatzen du Lapurdi irratiak. Apaizak berak Mediaparti aitortu dio 2011ko Madrileko Gazteen Munduko Jardunaldietara joan zela.

• 2015ko iraila. Biktimaren amak salaketa: Biktimaren amak salaketa helarazi zion Clermont Ferrandeko prokuradoreari, han bizi baita. Urrian poliziak entzun zuen. Clermont Ferrandeko prokuradoreak 2016ko apirilaren 28an helarazi zion salaketa Samuel Vuelta Simon Baionako prokuradoreari.

• 2016ko apirilaren 13a. Apaiza arduretatik kendua: Marc Ailletek Lapurdin zituen arduretatik kendu zuen Sarramagnan apaiza eta Lourdes ondoko Tournayko abadiara bidali. Han dago geroztik Sarramagnan, epailearen zaintzapean, aske.

• 2016ko apirilaren 15a. Ailletek seinalaketa prokuradoreari: Ailletek 1990eko erasoa seinalatu zion Baionako prokuradoreari. Horrek erran nahi du Baionako apezpikuak zazpi urtez erasoa isilpean atxiki duela. Salaketarik ez egiteagatik auzitegira bidalia izan daiteke, ez salaketa konderangarria baita, baina hiru urteren buruan preskribitua. Salaketa ezari lotua den legea aldatu dute agorrilean, preskripzioa 6 urtetara luzatuz.

• 2016ko apirilaren 29a. Aitzin-ikerketa abiatua: Samuel Vuelta Simon Baionako prokuradoreak aitzin ikerketa bat abiatu zuen.

• 2016ko ekainaren 7a. Sarramagnan akusaziopean ezarria: 2008ko bi adingabekoei eraso egiteaz ere inkesta egitekoa du instrukzio epaileak.

• 2017ko maiatza. Auziaren eguna finkatua: 2018ko Irailaren 11an, hots, gaur. 10 auzi baditu Baionako auzitegiak gaur aztertzekoak. Ondorioz, baliteke berant hastea edo agian atzeratua izatea denbora eskasagatik.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna