Ingurumena

Ahal Dugu-k "arduragabekeriatzat" jo du Aralarren beste pista bat eraikitzen hastea

Eraikitzen hasi ziren lehen pistaren afera auzitegietan da. Auzia hori ebatzi aurretik beste pista bat egiten hastea salatu du Monica Moro batzarkideak.

Makina bat, pista egiteko lanetan lehen bidezidor bat zegoen lekuan. ARALAR BIZIRIK
2018ko irailaren 17a
07:45
Entzun

Joan den astean jakinarazi zuen Eguzkik Aralarren "legez kanpoko beste pista bat" egiten hastear zirela, Eniriotik Igaratzara. Hark eta Eguzkik gogor salatu zuten pista hori egiten hastea. Izan ere, pista bera gustuko ez izateaz gain, nabarmendu dute auzitegietan dela Aralarren eraikitzen hasi ziren beste pistaren afera.

Harimutur horri eutsi dio Ahal Dugu-k ere. Monica Moro Gipuzkoako batzarkideak salatu "arduragabekeria" dela beste pista bat egiten hastea aurrenekoaren auzia argitu gabe dagoenean. Izan ere, auzi hartan ingurumenaren eta lurralde antolaketaren kontrako delitua egon daitezkela pentsatzeko zantzuak topatu ditu fiskaltzak. Intsentsao eta Goriskintxu arteko pistaren auzia auzitegietan da, eta Gipuzkoako Aldundiko Mendi eta Natura eta Ingurumeneko diputatua auzipetuta dago.

Irailaren 6an erregistratu zuen Ahal Dugu-k testu bat, auzi hori argitu arte Aralarren eraiki daitezkeen pista guztien tramitazioak geldiaraztea agintzeko. Tramitatu eta onartuta daudenen lanak geldiarazteko moratoria ere jarri nahi du. Proposamen hori laster eztabaidatzea espero du alderdiak.

Eraikitzen hasi diren bigarren pistak aurrenekoaren oso antzeko proiektua duela nabarmendu du Morok, kasu berdintsua dela. Eta, beraz, hura bezala, auzitegietan amaitzeko aukera asko dituela. Horregatik, Ahal Dugu-ri "arduragabekeria" iruditzen zaio pista egiteko lanekin hasteari, "kalte konponezinak" egin baitaitezke.

Enirio-Aralar mankomunitateak uztailaren 30ean onartu zuen Eniriotik Igaratzarako pista egitea, ezohiko batzar batean. Aralar Bizirik-ek gogoratu du inguru hori babestuta dagoela eta legearen kontrakoa dela egitera doazen pista.

Ardura EH Bilduri egotzi dio gainera, Eguzkik, Enirio-Aralar Mankomunitatean gehiengoa duelako. Salatu duenez, "orain arte EAJ izan da" Aralar, Aizkorri-Aratz eta beste eremu babestu batzuen artifizializazioa bultzatu duena, baina orain EH Bilduk "jauzi handi bat" egin duela gehitu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.