Ekonomia

Eskubide Sozialen Gutunak bat egin du "pentsio duinen" aldeko manifestazio deialdiarekin

Pentsiodunek herritarrei eskatu diete parte hartzeko urriaren 1erako deitu dituzten manifestazioetan, "langile guztien ardura" delako guztion pentsio publikoen sistema bematzea.

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartako ordezkariak, gaur, Bilbon egin duten prentsaurrekoan.
2018ko irailaren 26a
16:48
Entzun

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutuna osatzen duten gizarte eragile eta sindikatuek pentsiodunen manifestaziorako deialdia babestu dute, eta urriaren 1ean kalera irtengo direla iragarri dute. Adinekoen Nazioarteko Egunean, "pentsio duinen alde" mobilizatzeko eskatu diote gizarteari. Hego Euskal Herrian egingo diren manifestazioetan parte hartzeko eskatu diete herritarrei. Elkartearen iritziz, pentsio publikoen sistema "funtsezkoa da aberastasuna banatzeko eta gizarte justuagoa eta solidarioagoa lortzeko", eta gaineratu dute "langile guztien ardura" dela sistema hori babestea.

Eskubide Sozialen Gutunak agerraldia egin du Bilbon, pentsiodunek antolatutako manifestazioei babesa adierazteko. Urriaren 1ean kalera irtetearen garrantzia nabarmendu dute elkarteko ordezkariek prentsaurrekoan. Haren esanetan, pentsioen alorrean izango diren lorpenak gizartearen "borrokarako gaitasunaren" araberakoak izango dira.

Elkarteak pentsiodunen eskariak berretsi dituzte: pentsioak KPIaren arabera automatikoki eguneratzea, 1.080 euroko gutxieneko pentsioa, 2011ko eta 2013ko pentsio erreformak bertan behera uztea, jasangarritasun faktorea indargabetzea, 1.200 euroko gutxieneko soldata, soldaten eroste ahalmena berreskuratzea eta prekaritatea areagotu duten lan erreformak indargabetzea galdegin dute.

Pentsiodunen eskubideak bermatzeko neurriak eskatu dizkiete euskal erakundeei; baita pobreziari eta gizarte desberdintasunari aurre egiteko politika eraginkorrak ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.