Gizartea

Zaramagako San Frantzisko eliza hiriko “memoria inklusiboaren ikur” bihur dadila eskatu dute

Memoria Gara ekinbidea aurkeztu dute gaur goizean. 1976ko martxoaren 3ko sarraskia hartu zuen eraikina Memoria eta Giza Eskubideen Zentro izan dadila lortzeko helburuarekin jaio da

Memoria Gara ekinbideko aurkezpea, San Frantzisko elizaren aurrean. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Jon Rejado.
2018ko irailaren 29a
08:27
Entzun

Datozen asteetan emango dituen pausuak ezagutarazi ditu Memoria Gara ekinbideak. Atzo eratu zen ekinbide hori, Asisko San Frantzisko eliza Memoria eta Giza Eskubideen Zentro bihurtzeko asmoarekin. Egunotan Gasteizko Apezpikutzarekin harremanetan jarriko da, baimen dezan Zaramagako tenpluaren erabilera hori. Halaber, elkarlana galdegin diete administrazio publikoei, egitasmoa gauzatu ahal izateko.

Hamaika esparrutako eragileek osatu dute Memoria Gara: unibertsitatea, kultura, kazetaritza, elkarteak... Horiek guztiek bat datoz San Frantzisko elizaren garrantzia nabarmentzerakoan. Lau kideren artean irakurritako manifestuan azaldu dute memoria historikoak betiko batu dituela 1976ko martxoaren 3a eta eliza. Halaber, hausnartu dute espazio hori bihurtu dela “etengabe eskatu eta oraindik lortu ez diren egia, justizia, erreparazioa eta ez errepikatzeko bermearen aldarrikapenen ikur”.

Ekinbideak gogora ekarri du eliza itxita dagoela 2014. urtetik. Ordutik urtean aste gutxi batzuk ireki izan dutela gaineratu dute, Asisko San Frantzisko Fundazioaren jaiotzen erakusketa dela eta. Era berean, Martxoak 3 elkarteak Zaramagan egiten dituen bisita gidatuentzat gela bat egokitu dute, elizaren atzealdean. Hori dela-eta apezpikutzari eskatuko diote espazio horren erabilera memoriarako espazio bezala. “Elkarrizketarako borondatearekin herritarren eskaerari erantzun daiteke, eta beste gune bat bila daiteke jaiotzen erakusketarako”.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.