Politika

Subiranisten arteko aliantza proposatu du Otegik Europako eta Espainiako hauteskundeetarako

EH Bilduko koordinatzaileak Euskal Herriko, Kataluniako eta Galiziako alderdi subiranistei egin die proposamena, "inboluzio demokratikoari" aurre egiteko.

jarraia157778.jpg
2018ko urriaren 7a
09:47
Entzun

Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiaren iritziz, Euskal Herriko, Kataluniako eta Galiziako indar subiranistek indarrak batzeko aukera baliatu beharko lukete, "ahalik eta sinkronizazio handienarekin". Espainian eta Europan "inboluzio demokratikoa" gauzatzeko arriskua dagoela ohartarazi du, eta, hari aurre egiteko, Europako eta Espainiako hauteskundeetara elkarrekin aurkeztea proposatu du. Bere blogean argitaratu duen Ikasturte politiko berrirako hausnarketak, erronkak eta ekimenak izeneko artikuluan luzatu du proposamena.

Otegiren esanetan, subiranisten arteko akordio horrek autodeterminazio eskubidea izan behar du ardatz. "Europako eta Espainiako hauteskundeak baliatu beharko genituzke indarrak batzeko, borondateak batzeko, Europari eta Espainiako estatuari aurre egin ahal izateko". Helburua lortzeak "zailtasunak" dituela aitortu arren, aliantzak eskainiko lituzkeen aukerak nabarmendu ditu. "Indartsuago egiten gaitu, gure herrietan ilusioa piztuko du eta gure helburuak lortzeko (berdintasuna, askatasuna eta burujabetza nazionala) baliabide eta indar nahikoa eskaintzen du".

Quim Torra Kataluniako presidentea ere Kataluniako eta Euskal Herriko alderdi abertzaleak Europako hauteskundeetara elkarrekin aurkeztearen alde mintzatu zen, duela hiru aste, BERRIAk argitaratu zuen elkarrizketan.

Aurrekontuak eta ustelkeria

Bestalde, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako aurrekontuez ere mintzatu da Otegi. Koalizioaren zuzendaritzak biharko batzarrean aurrekontuetarako proposamen bat landuko duela iragarri du. Proposamen hori, baina, "ez da izango aurrekontuak adosteko helburua izango duen eskaintza". Aldiz, "aurrekontuetan sektorerik babesgabeenen aldarrikapenak —modu ez osoan bada ere— jasotzen hasteko helburua duen eskaintza izango da, haien bizi baldintzak hobetzeko. Otegiren hitzetan, proposamenaren helburua "azken hilabete luzeetan herri honetako kaleak betetzen ari den gehiengo sozial hori da".

Ustelkeriarekin lotutako kasuekin ere kezkatuta agertu da EH Bilduko burua. Otegik nabarmendu du ezin dela bizitzen jarraitu "zenbait alderditara hurbiltzeak administrazio publikoan edo enpresa pribatuetan lanpostua bilatzeko erraztasunak eskaintzea normaltzat hartzen den Euskal Herrian". Osakidetzako lan eskaintza publikoan azaleratutako ustelkeria zantzuek edota De Miguel auziak "alarma gorria" piztu dutela adierazi du. Ustelkeriari aurre egiteko behatoki bat sortzea proposatu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.