Gizarte Segurantza

Amatasun laguntzaren zergan ez da itzulketarik izango, oraingoz

Espainiako Auzitegi Gorenak ostiralean ebatzi zuen Gizarte Segurantzak emandako amatasun laguntzari ezin zaiola zerga atxikipenik egin. Gipuzkoako Aldundiaren iturriek azaldu dutenez, ebazpenak ez du jurisprudentzia ezartzen.

jarraia157795.jpg
Irune Lasa.
2018ko urriaren 8a
06:57
Entzun

Amatasunarengatik Espainiako Gizarte Segurantzak ordaintzen duen laguntzari ezin zaio zergarik ezarri. Hori ebatzi zuen joan den ostiralean Auzitegi Gorenak, helegite bati buruzko ebazpenean. Gorenaren arabera, laguntza hori ez da soldata bat, baizik eta langileak galduko dituen diru sarrerak konpentsatzeko subsidio bat, eta, beraz, ezin zaio ezarri errenta zerga.

Zenbait interpretazioren arabera, irizpide horrek 2014. urtetik aurrera emandako amatasun laguntzei ere eragingo lieke —aurreko zorrak iraungita leudeke—, eta, horren ondorioz, Espainiako Ogasunak atxikipen horrekin bildutako kopurua itzuli beharko lieke laguntza jaso eta zerga ordaindu duten amei eta aitei. Interpretazio horren arabera, foru ogasunek ere berdin egin beharko lukete. Adibidez, UGT sindikatuen kalkuluen arabera, gai honetan Espainiako erregimen bateratuaren araudi berbera dute Araba, Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroako ogasunek, eta 123.000 zergapekori itzuli beharko lieke atxikipen hori.

Baina, oraingoz, ez da hori gertatuko. Gipuzkoako Aldundiaren arabera, Auzitegi Gorenaren epai bakarrak ez du jurisprudentziarik ezartzen, hots, soilik kasu edo auzi bakar horri dagokio. Eta, beraz, oraingoz, ez da itzulketarik izango. Ez, behintzat, Gorenaren beste ebazpenen bat edo bigarren epai bat iritsi arte. Dena den, Gipuzkoako Ogasuna gaia lantzen ari da, jurisprudentzia ezartzen duen erabakia iristen bada ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.