Aurrekontuak

Eusko Jaurlaritzaren 2019ko aurrekontuak “eskuinekoak” direla dio ELAk

Gastu sabaiaren araua amaitzeko eskatu du sindikatuak. Adolfo Muñozek esan duenez, jeltzaleek PPrekin adostu zituen gastu sabaiaren araua eta zerga erreforma, eta horregatik uste du eurek bozkatu beharko luketela aurrekontuen alde.

jarraia159241.jpg
Lander Muñagorri Garmendia.
2018ko azaroaren 13a
18:32
Entzun

Eusko Jaurlaritzak aurkeztu dituen aurrekontuak “eskuinekoak” direla argi esan du Adolfo Muñoz ELAko idazkari nagusiak, eta horregatik eskuineko alderdien babesa bilatzen saia dadila gomendatu dio Urkulluri. “Aurrekontuetarako gastu sabaia PPrekin adostu zuten, baita zerga erreforma ere; horrek guztiak aurrekontuetan zuzenean eragiten duenez, euren babesa bilatu beharko lukete aurrekontuak onartzeko”.

Aurrekontu proiektua “txarra” dela argi esan behar dela azaldu du Mikel Noval arlo sozialeko arduradunak, eta horretarako argibideak eman behar direla esan du. Alde horretatik, bi adierazle jarri ditu mahai gainean: zorra ordaintzera Jaurlaritzak urtean bideratzen duen diru kopuruaren bilakaera, eta arlo publikoa finantzatzeko Jaurlaritzak bideratzen duen diru kopurua BPGarekin alderatuta.

2009an zorra ordaintzera 2.616 milioi bideratu zituen Jaurlaritzak, eta 2019ko aurrekontuetan 9.300 milioi izango dira. Era berean, Jaurlaritzak arlo publikora bideratu duen zenbatekoa BPGaren %15,6 zen duela hamar urte, eta %12,9ra jaitsiko da ELAk egindako txostenaren arabera. Horregatik, hamarkada galduaz hitz egin du Novalek, eta Jaurlaritzak murrizketa politikekin aurrera jarraitzen dutela salatu.

Hamarkada honetan arlo sozialak izan duen beheranzko joera ere agerian utzi du sindikatuak, osasunaren eta hezkuntzaren bilakaerari begiratuta. BPGan arlo bakoitzak izan duen pisuari begiratu diote berriz ere horretarako. Osasunera aberastasunaren %5,4 bideratzen zuen 2009an, eta %4,74 izango litzateke datorren urtean. “Bilakaera negatibo hori zuzentzeko, osasun arlora 520 milioi gehiago bideratu beharko ziren”. Hezkuntzan berriz, BPGaren %4,34 ordezkatzetik %3,55 igarotzera igaroko da. Hau da, duela hamar urteko zenbateko berdinera egokituko balitz ekarpena datorren urteko aurrekontuetan, 632 milioi gehiago inbertitu beharko zuen Jaurlaritzak.

Hori guztia ikusita, Muñozek gastu sabaiarekin apurtzeko eskatu die jeltzaleei. “Ez ditugu kudeatzaileak nahi gobernuan, politikariak baizik”. Izan ere, zorra ordaintzeari lehentasuna emanez, gastu sabaiari eutsiz —hau da, urtero gehienez %2,7 handitu daitezke aurrekontuak— eta zerga erreforma berarekin jarraituz, “alternatibarik ezin da proposatu, alternantzia baizik”.

Sindikatuak salatu duenez, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako zerga politikak Europako Batasuneko batez bestekora berdinduko balira, urtean 6.000 milioi gehiago bildu ahalko zuten ogasunek. “Baina horrek ez du ezertarako balio gastu sabaiak indarrean jarraitzen baldin badu”.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.