Gizartea

Arabako adingabeen zentroen kudeaketa hobetzeko eskatu diote langileek aldundiari

Bideberria eta Sansohetako zentroen azpiegiturak "ezegokiak" direla salatu du ELAk, eta gaineratu du ezin dela bermatu zerbitzuaren asmo hezitzailea baliabide falta eta antolaketa ezegokiaren ondorioz.

Gaur goizean emandako prentsaurrekoaren irudia. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Jon Rejado.
2018ko azaroaren 15a
10:32
Entzun

Arabako Foru Aldundiko ardurapean dauden Bideberria eta Sansoheta adingabeentzako zentroko langileek bertan bizi den egoera salatu dute. Jakinarazi dute azpiegiturak ez direla egokiak, banako arreta emateko beharrizanak ez daudela beterik, eta ez dela bermatzen tratu berdintasuna ezta aukera berdintasuna ere. "Ez da ziurtatzen horrelako egoitzek izan behar duten hezkuntza izaera, adingabeen erabateko gizarteratzera begira".

Nuria Vallejos Barrosok egin du salaketa, ELA sindikatuko zerbitzu soziosanitarioetako arduradunak. Haren ondoan aipatu bi zentroetako langileak izan dira, eta bakoitzaren egoeraren berri eman dute. Bi zentroek ezaugarri ezberdinak dituzten arren, biek eskatu diote Arabako Foru Aldundiari baliabideak egokitzeko, bertara joaten diren adingabeak haien beharren arabera banatzeko, eta giza baliabide gehiago jartzeko.

Sansohetan bertan egon behar ez zuten adingabeak daudela aipatu dute langileek. Zentroak jokabide arazoak dituzten nerabeak hartzen ditu, baina gaur egun ezaugarri "oso ezberdinetako" erabiltzaileak elkartu dituztela salatu dute, eta bakoitzari ezin zaiola eman behar duen arreta. Giro gatazkatsua handitu dela azaldu dute, eta, horren ondorioz, hitzezko erasoak zein fisikoak areagotuko direla zehaztu dute, bai nerabeen artean, baita hezitzaileen aurka ere.

Bestetik, Arabako Foru Aldundiak Bideberri zentroko erabiltzaile kopurua handitu duela jakinarazi dute, baina partekatutako espazioak aurrez zegoena da. 60 adingabe daudela azaldu dute, eta sei dutxa baino ez. Halaber, gaineratu dute otorduetan txandak egin behar dituztela. Giro gatazkatsurik ez dagoela nabarmendu dute, baina pilaketaren ondorioz okerrera egin dezakeela ohartarazi dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.