Gizartea

EHUko berdintasun masterrak eta Deustuko emakumeen kontrako indarkeriarenak irabazi dute Emakunde saria

“Goi prestakuntzako profesionalizazioari” egindako ekarpena aitortu die epaimahaiak, baita berdintasun arloan erreferente bihurtu izana ere.

Izaskun Landaida Emakundeko zuzendaria, saritutako masterren zuzendariekin. EMAKUNDE
Jon Rejado.
2018ko abenduaren 13a
18:33
Entzun

EHUk eta Deustuko Unibertsitateak 2018ko Emakunde saria jasoko dute. Hobeto esanda, unibertsitate horiek eskaintzen dituzten bi master: EHUren Emakumeen eta Gizonen Arteko Berdintasuna, Berdintasunaren Eragileak izeneko masterra; eta Deustuko Unibertsitatearen Emakumeen Kontrako Indarkerian Esku Hartzeko masterra.

Epaimahaiak aho batez hartu du erabakia. Master bakoitzak bere eremuan goi prestakuntzako profesionalizazioari egin dion ekarpena nabarmendu dute. Halaber, ikasketa horiek erreferente bihurtu direla ekarri dute gogora, bai Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, baita horietatik kanpo ere.

EHUko masterra 2001ean sortu zen. Aurten 47 ikasle ditu, baina sortu zenetik 500 ikasle inguru izan ditu. Berdintasun politikak eta horretarako erakunde eremuko tresnak eta neurriak ezagutarazten ditu. Epaimahaiak nabarmendu du berdintasun eragileak “gaitzeaz” gain horien arteko sarea ere sortu duela. 500 ikasle pasatu dira bertatik 2001. urtetik, eta aurten 47 ikasle ditu.

Epaimahaiak Deustuko Unibertsitateko masterrari aitortu dio “erreferente aitzindaria eta paregabea” izatea, emakumeen kontrako indarkerian esku hartzeko arloko prestakuntza berezian; eskaintza horrek “gizartean dagoen gizarte eskari handiari" erantzuten diola. Ikasketa horiek, “kalitatezko prestakuntza espezializatua” eskaintzeaz gain, “eragin biderkatzailea” dutela gaineratu dute.

Emakunde sariaren epaimahaiak gaineratu du saria ez dela master horietan geratzen; zehaztu du aintzatespena egiten diela master horretan parte hartzen duten irakasleei eta bertan ikasi dutenei ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.