Erosketak

Merkealdian erosteko aholkuak eman ditu Kontsumitzaile Elkarteak

Besteak beste, aurrekontu bat zehaztea eta erosi beharreko produktuen zerrenda bat osatzea aholkatzen du elkarteak.

jarraia161103.jpg
2019ko urtarrilaren 3a
17:12
Entzun

Gabonak amaitu ez diren arren, saltoki batzuetan hasiak dira merkealdia iragartzen duten kartelak jartzen. Hala, astelehenetik aurrera asko izango dira prezioen beherakadaz baliatzeko asmoz saltokietara gerturatuko diren kontsumitzaileak. Horientzako aholku zerrenda plazaratu du Kontsumitzaile Elkarteak.

Erosketa zerrenda eta aurrekontua. Gehienezko diru kopuru bat zehaztu, eta erosketa zerrenda bat egin.

Produktuak eta prezioak alderatu. Gehienetan baliagarria izaten da, batez ere produktu berbera edo oso antzekoa ahalik eta merkeen aurkitzeko.

Kontuz txartelarekin egindako ordainketetik. Maiz gertatu ohi da txartelarekin ordaintzen dugunean eskudirutan ordaintzen dugunean baino gehiago gastatzea. Hori dela eta, gastu muga bat ezarri eta saiatu hura betetzen. Gerta daiteke saltoki jakin batzuetan txartelik ez onartzea ere.

Ondo erreparatu etiketari. Karteletan eta iragarkietan azaltzen diren beherapenak ez dira beti produktu guztietan ezartzen.

Kalitatea. Prezio merkeagoa izateak ez du esan nahi produktuak ondo egon behar ez duenik. Horregatik, komeni da erosi nahi den hori ondo aztertzea ordaindu aurretik.

Bermeak. Produktu berriek bi urteko bermea dute, eta bigarren eskukoek, urtebetekoa. Bizitza luzeko produktuen kasuan, berriz, beharrezkoa da idatzizko berme bat.

Aldatzeko edo itzultzeko aukera. Merkatariak erositakoa aldatu edo dirua itzuli behar du produktuak akatsen bat badu, edo saltokiaren edo produktuaren publizitatean kontsumitzailearen aldetik azalpenen beharrik gabeko aldaketa iragartzen bada. Internet bidez erositako produktuen kasuan, erosleak 14 eguneko epea du erositakoa itzultzeko, inolako azalpenik eman beharrik gabe.

Ordaintxartela gorde. Erosketaren ordaintxartela gorde, produktua aldatu behar balitz ere.

Internetez egindako ordainketak. Engainuak saihesteko, komeni da aurreordainketako txartelak edo Paypal erabiltzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.