Ezbeharra

Eretako eski estazio gehiena itxi dute, sute baten ondorioz

Astelehen arratsaldean, su hartu zuen teleaulki baten motorrak, eta aulkiak eusten dituen kable osoa erori zen. Ez da inor zauritu, baina kalte handiak eragin ditu ezbeharrak.

Sutea La Pierre Saint-Martin eski estazioan. SDIS PIRINIO ATLANTIETAKO DEPARTAMENTUKO SUHILTZAILEAK.
2019ko urtarrilaren 9a
14:55
Entzun

17:00ak pasatxoan izan zen ezbeharra, Eretako (Biarno, Frantzia) La Pierre Saint-Martin eski estazioan —Zuberoarekin eta Nafarroarekin egiten du muga—. Su hartu zuen Family izeneko teleaulki linearen motorrak, eraikina osorik hartu zuten garrek, eta sistema guztia hondatu. Beroaren ondorioz kablea hautsi, eta teleaulki guztiak erori ziren lurrera. "Lehergailu baten" moduko eztanda entzun zutela kontatu dute lekukoek Sud-Ouest egunkarian.

Une hartan ez zegoen inor teleaulkietan, eta ez zen zauriturik izan, baina estazioko arduradunen hitzetan, kalte larriak eragin ditu ezbeharrak. Eskiatzeko eremuaren %40 erabili ezinda geratu da; zehazki, bost pista: bi pista urdin, bi gorri eta beltz bat.

Suhiltzaileek lanak izan zituzten sua itzaltzeko, iristeko leku zailean baitago teleaulkia, eta hotz handia egin baitzuen egun hartan.

Bestela ere zailtasunekin hasi dute denboraldia Piriniotako eski estazioetan, elur eskasiagatik. Eski alpinoan, La Pierre Saint-Martin estazioa izan da pistak ireki dituen bakarretakoa. Ezbeharraren ondoren, estazioko webguneak dakarrenez, bi pista soilik dituzte zabalik —24 dituzte denera—.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.