Futbola

Uhala lotzeak salbatu du Reala

Txuri-urdinek mendean hartu dute Espanyol, partida gorabeheratsu batean. Zazpigarren minuturako irabazten hasi arren, partida narrastu egin zaie. Merinok txartel gorria ikusi du

Realeko jokalariak zaleei esker ona agertzen, partidaren amaieran. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU
Jon Ander De la Hoz.
2019ko urtarrilaren 14a
23:24
Entzun

Golak. 1-0: Merinok (3. min.). 2-0: Willian Josek (7. min.). 2-1 Naldok (31.min.). 2-2 D. Llorentek, bere atean (45.min). 3-2 Willian Josek (63.min). Epailea. Del Cerro Grande. Txartel horiak: Realeko Merinori, Aritzi, Morenori, Illarramendiri, Willian Joseri, eta Rulliri; eta Espanyoleko David Lopezi, Darderri, eta Naldori. Txartel gorriak: Realeko Merinori (75.min). Bestelakoak: 17. 301 ikusle Anoetan.

 

Garaipen bitxia eskuratu du gaur Realak. Errusiar mendi baten traza izan du Espanyolen aurkako partidak, eta gorabehera horretan uhala estuen lotua eduki duenak lortu du bizirik irtetea. Aldarte askoko partida izan da txuri-urdinentzat; barrez hasi, kopetilun eta ikaratuta gero, eta lasaituaren arnasaldia botatzen amaieran. Jolas parkeetako atrakzioetan bezalaxe.

Eginbeharrak gerorako uztea aje bihurtu daitekeela eta, Realak azkar batean lotu nahi izan du Espanyolen aurkako neurketa. Zelairatu orduko kataluniarren arean sartu da, eta ez die zirkinik ere egiteko aukerarik utzi. Donostiarrek ezin hobeto ekin diote neurketari, eta bi gol egin dituzte lehendabiziko zazpi minutuetan. Alabaina, hasiera lasaiari bihurguneek hartu diote lekukoa, eta lehen minutuetako segurtasun eta patxada guztia galdu dute txuri-urdinek, harik eta Willian Josek hirugarren gola sartu duen arte.

Hasi orduko, itxura ederra hartu du partidak donostiarrentzat. Berehalakoan azpiratu dute Espanyol, lehendabiziko minutuetan. Imanol Alguacilek sasoi honetako bigarren neurketa izan du donostiarren aulkian, eta tinko eutsi dio bere estiloari. Oriotarrak esana du jokalari bakoitzak, aritzekotan, lehiatu egin beharko duela postua, eta izenak lekua ez dakarrela berretsi du gaur. Esaterako, aulkian utzi du orain arteko partida gehienetan hasieratik aritu den Mikel Oiartzabal.

Jokoari ere bere sinadura jarri dio hasieratik. Ehiztari zelairatu da Reala, lehen minututik presioa eginez. Segituan lortu du lehendabiziko saria. Aldeko korner bat izan du bigarren minutuan, eta zutoinera errematatu du Willian Josek. Alderatzea Mikel Merinori iritsi zaio, eta nafarrak ez du barkatu. Hirugarren minuturako aurretik ziren txuri-urdinak.

Are itxura hobea hartu du partidak lau minutu geroago. Espanyoleko David Lopezek eskuz aldendu du baloia area barruan, eta Realaren aldeko penaltia adierazi du Del Cerro Grande epaileak. Willian Josek ez du hutsik egin, eta bi goleko aldearekin jarri dira Alguacilenak. Errusiar mendiko bidaiak patxadatsua izateko traza zuen zazpigarren minutua bete denerako.

Hala jarraitu du neurketak hurrengo minutuetan ere, harik eta bisitariek 30. minutuan Geronimo Rulliren atea zulatzea lortu duten arte. Korner batetik etorri da kataluniarren gola; huraxe izan da beren lehendabiziko aukera, eta Naldok sareetara jaurti du.

Hurrengo minutuetan erabat aldatu da jokoaren gidoia. Espanyolek pauso bat aurrera eman, eta Realak bere lekua aurkitu ezinik igaro du lehen zatiko azken ordu laurdena. Atsedenaldira heldu aurreko jokaldian berdinketaren gola egin du kanpoko taldeak. Langara bota du baloia Borja Iglesiasek, Diego Llorentek ez du aldentzen jakin, eta bere atean sartu du baloia.

Atsedenaldiaren ostean nagusi izan da Espanyol. Zoro ibili da partida, eta nornahiri txartela ateratzen hasi da epailea; kaleratu egin du Merino, txartel gorria aterata. Itxura beltzeko iluntzea begitantzen zitzaion Realari, Willian Josek Merinoren pase bat aprobetxatuz garaipenaren gola egin duen arte. Zoramenak zoramen, nagusi izan da Reala.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.