Lan gatazka

"Oihartzun zabala" izan du itunpeko eskoletako grebak, sindikatuen arabera

Bigarren eguna dute greban Kristau Eskolako eta IZEAko ikastetxeetako langileek. Kristau Eskolen esanetan, beharginen %22k egin dute bat deialdiarekin.

Gizarte ekimeneko itunpeko ikastetxeetako langileen manifestazioa, atzo, Bilbon. LUIS JAUREGIALTZO, FOKU
2019ko urtarrilaren 17a
15:51
Entzun

Zortzi eguneko greba dute martxan Kristau Eskolako eta IZEAko ikastetxe kontzertatuetako langileek. 9.000 langile inguru daude protestara deituta, eta atzo egin zituzten lehen mobilizazioak. Bilboko manifestazioan, esaterako, 5.000 lagun elkartu ziren sindikatuen datuen arabera. Gaur ELAk, CCOOk, Steilasek, LABek eta UGTk berri eman dutenez, %65 eta %70 arteko eragina izan du grebak.

Oso bestelakoak dira Kristau Eskolek emandako zifrak. Haien arabera, 8.191 langiletatik, 1.838 izan dira greba egin dutenak —%22 inguru—: Bizkaian izan du eragin gehien deialdiak (%30), eta gutxiago Araban eta Gipuzkoan (%15 bietan).

Gaur ere egin dituzte mobilizazioak langileek; Bilbon, adibidez, elkarretaratze bana egin dute Deustuko, Santutxuko eta Indautxuko auzoetan. Sindikatuek salatu dute hamar urte daramatzatela hitzarmen kolektiboa berritu gabe, eta grebaren helburua dela "lan baldintzak berreskuratu eta hobetzea". Horrek hezkuntza kalitatean ere eragina izango duela ziurtatu dute, "gero eta baldintza okerragoetan lan egin beharrak modu ezkorrean eragiten duelako zentro horietako hezkuntza kalitatean".

Helburuak "argiak, justiziazkoak eta ezagunak" direla adierazi dute langileek, eta prest daudela negoziatzeko. "Egoerari buelta emateko proposamen duin baten zain gaude", esan dute: "Eusko Jaurlaritzako bozeramaileen adierazpenak gorabehera, mahai gainean dagoena lehengo bera da; ez dago aurrerapenik".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.