Gizartea

Errenteria, Santurtzi, Arrasate eta Eibar inbertsio sozialean buru kokatu ditu ikerketa batek

Espainiako Estatuan udalek gizarte zerbitzuetara zenbat diru bideratzen duten neurtu du Espainiako Zerbitzu Sozialen Zuzendari eta Kudeatzaileen Elkarteak. Euskal Herriko lau udal daude sailkapenaren buruan.

Errenteriako adinekoen egoitza. OLATZ MITXELENA
2019ko urtarrilaren 21a
12:19
Entzun

Gutxienez 20.000 biztanle dituzten udalerrietan, gizarte zerbitzuetara bideratzen den diru kopurua neurtu dute, biztanleko eta urteko. Beraien kontuak publiko egin dituzten 404 udalerri dira ikerketak aztertu dituenak. Guztien artean, Errenteria (Gipuzkoa) da sailkapeneko buru, urteko eta biztanleko 275,74 euroko inbertsioarekin. Hari jarraitzen dio Santurtzik (Bizkaia), 262,55 eurorekin. Hirugarren postuan da Arrasate (Gipuzkoa) 245,80 eurorekin, eta, segidan, Eibar (Gipuzkoa) 225,42 eurorekin.

Ikerketak oinarri hartu ditu udalek Espainiako Ogasun Ministerioari emandako likidazio datuak, abenduaren 28an publiko egin zirenak.

Ikerketa egin duten elkartearen irizpideen arabera, Euskal Herriko lau udal horiek inbertsio bikaintasuna lortu dute zerbitzu sozialen esparruan, beste 27 udalekin batera. Bikaintasun titulua lortzeko, lau baldintza bete behar dituzte: inbertsioa 100 euro baino handiagoa izatea biztanleko eta urteko, aurreko urteko kontuekin alderatuta kopurua ez murriztea, gastu soziala gutxienez aurrekontuaren %10 izatea eta kontuen xehetasunak gardentasun atari batean eskuragarri egotea.

Ikerlariek azaldu dutenez, udalerri batzuetan inbertsioa handia izan den arren, gizarte zerbitzuen arloan sailkatu dituzte esparru horretakoak ez diren gastuak, eta, beraz, zerrendatik kanpo gelditu dira.

Sailkapenaren azken postuetan daude Arroyomolinos (Madril, Espainia) 11,89 eurorekin, Vila-seca (Tarragona, Herrialde Katalanak) 17,00 eurorekin eta Almendralejo (Badajoz, Espainia) 17,04 eurorekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.