Hezkuntza

Jaurlaritzak gaur zortzi hasiko du aurrematrikulazio kanpaina

Hamabi ikastetxe hautatzen utziko die familiei, eta ikastetxe bakoitzak zerrenda berean ebaluatu beharko ditu eskaera egin dioten ikasle guztiak.

jarraia161804.jpg
Ibai Maruri Bilbao.
2019ko urtarrilaren 21a
07:21
Entzun

Zatoz gurera lelopean, eskola publikoko ikasleak izango dira Eusko Jaurlaritzaren aurrematrikulazio kanpainako iragarkietako izarrak. Gaur eman ditu xehetasunak Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak. "Ikasle guztiek plaza bat izango dute prozesuaren hasieratik", zehaztu du. Horretarako, berrikuntzak sartu dituzte prozesuan.

Aldaketei esker, gurasoek hamabi ikastetxe aukeratzeko aukera izango dute, euren lehentasunen araberako hurrenkeran. Orain arte, ikasle bakoitzeko hiru ikastetxe hautatu zitezkeen. Eta eskola bakoitzeko plazak zentro hori lehen aukera modura zeukaten eskaeren artean banatzen ziren, lehenik. Horrek arazo bat sortzen zuen. Lehen aukeran lekurik ez eta bigarren edo hirugarren zentrora jo behar izaten zuten gurasoek. Baina, ordurako, ikastetxe horiek beteta egoten ziren sarri, ikastetxe horiek lehen aukera gisa zeuzkaten umeekin, nahiz eta ume horiek puntuazio gutxiago eskuratu. Hori saihestu nahi izan du Hezkuntza Sailak.

Horregatik, aurrerantzean ikastetxe bakoitzak jasotzen dituen eskaera guztiekin osatuko da zerrenda, familien lehentasunen hurrenkera kontutan hartu gabe. Hau da, ume guztiak zerrenda berean sartu beharko dituzte, eta denak elkarrekin puntuatu. Horrela, familiek ziurtatuta edukiko dute eurek baino puntu gutxiago eskuratu dituen beste bat ez dela eurak baino lehen sartuko aukeratuko ikastetxera. 

Aurrematrikulazioa errazteko, informazio puntuak sortu dituzte, Eskolatze Bulegoen osagarri. Hamahiru gune Gasteizen egongo dira; zortzi, Bilbon; eta bat, Arrasaten (Gipuzkoa). Hainbat berritasun izango ditu aurtengo aurrematrikulazioak.

Nafarroan, berriz, otsailaren 4tik 8ra egingo da kanpaina. Maria Solana Hezkuntza kontseilariak eman ditu azalpenak. "Eskola berritzailea, inklusiboa, berdintasunezkoa eta eleaniztuna": Hezkuntza Departamentuak ohiko jardunean darabiltzan lau helburuak nabarmendu ditu kanpainak. “Lau puntu kardinal horietan oinarritua lan egiten dugu Hezkuntza Departamentuan, zeharkakotasunez lan egin ere, guztion eskola publikoaren izen ona, kalitatea eta hurbiltasuna hobetzeko”, ziurtatu du Solanak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.