Aurreikuspenak

Gipuzkoako hazkundea "hoztu" egingo da, baina %2,3an eutsiko dio

Merkataritza Ganberak nabarmendu du esportazioak %11 hazi direla hamar urtean.

Gipuzkoako Merkataritza Ganberako zuzendaritzako kidek, gaur, Donostian. JON URBE / FOKU
Jon Fernandez.
2019ko urtarrilaren 31
13:23
Entzun

Igaro berri dena "urte ona" izan dela uste du Pedro Esnaolak, Gipuzkoako Merkataritza Ganberako presidenteak. 2018an %2,8ko hazkundearekin itxi zela kalkulatu du ganberak, eta gaineratu du aurten erritmoa jaitsi egingo dela, %2,3raino. "Hoztu egingo da hazkundea, baina hazten jarraitzen du", nabarmendu du Esnaolak.

Hazkundearen moteltzearen atzean nazioarteko testuingurua dagoela azaldu du ganberako buruak. Izan ere, 2019an eurogunearen hazkundea leunagoa izango da, %1,6koa, batez ere euroguneko motor ekonomiko nagusien hazkundea moteldu egingo delako: Alemaniarena, Frantziarena eta Italiarena. Hain zuzen, eurogunea da Gipuzkoako esportazioen helburu nagusia.

Ganberak inkesta bat egin die lurraldeko enpresei, eta "baikortasun neurtua" jaso dute erantzun gisa. "Merkataritza sektoreak egonkortasuna espero du aurten, etxeko kontsumoaren aurreikuspenekin bat eginez. Zerbitzu arloko enpresen %39k, berriz, fakturazioa hobetzea aurreikusten dute, eta %47k, berdin eustea". Halaber, enpresen %18k espero dute langile gehiago kontratatzea, eta %73k lantalde berarekin jarraitzea.

Aukerak eta ziurgabetasunak

Esportazioak gakoak dira Gipuzkoako ekonomiaren hazkunderako, eta iaz %5,4 egin zuten gora; baita inportazioek ere, %9,8. Aurten ere esportazioak handitzen jarraitzea espero du ganberak, nahiz eta aitortu Gipuzkoarentzat merkatu erabakigarriak direnak hazkunde leunagoa izango dutela. Moteltze hori konpentsatzeko, hazkunde ekonomiko handia daukaten beste merkatu batzuetako aukerak aprobetxatzeko bidea ikusten du Esnaolak, bereziki Asiako eta Afrikako merkatuetakoak eta Latinoamerikakoak.

Bestalde, lurraldeko esportazioak %11 handitu dira azken hamar urteetan, eta nabarmen dibertsifikatu ditu helmugako herrialdeak ere. Ganberaren diagnostikoaren arabera, esportazioen dibertsifikazio horri esker, orain errazagoa zaie konpainiei erronka jakin batzuei aurre egitea: besteak beste, eurogunearen motelaldiari eta brexit gogorraren arriskuari.

Hain zuzen ere, brexit-aren inguruko ziurgabetasuna da kezka nagusietako bat oraintxe enpresa askorentzat, Gipuzkoako Merkataritza Ganberaren ustez. Esnaolak aitortu du ezinezkoa dela kalkulatzea zer-nolako eragin ekonomikoa izan dezakeen akordiorik gabeko haustura batek, baina "ikaragarria" izango litzatekeela gaineratu du. Azaldu du enpresa askorekin ari direla lanean, erakunde publikoekin elkarlanean, kontingentzia planak prestatzen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.