Zelaak ezbaian jarri du praktiketako ikasleek kotizatzeko neurria

Hezkuntza administrazioek ohartarazi diote egitasmoak gainkostua ekarriko diela eta ikastetxeek enpresak bilatzeko zailtasunak areagotuko dituela

Isabel Zelaa Espainiako Gobernuko Hezkuntza ministroa. ANGEL DIAZ (EFE)
2019ko otsailaren 5a
19:48
Entzun

Espainiako Gobernuak lege egitasmo bat kaleratuko du, besteak beste, enpresetan praktikak egiten dituzten ikasleek gizarte segurantzan kotizatu dezaten. Dena den, Isabel Zelaa Hezkuntza ministroak eta gobernuko bozeramaileak zehaztu du proposamen bat baino ez dela neurria, eta atzera egiteko prest daudela, hezkuntza administrazioentzat edota enpresentzat «kaltegarria» bada.

Gobernuak ez du oraindik prestatu lege egitasmoa. Lan Ministerioak egingo du. Zelaak azaldu du hezkuntzako eta ekonomiako eragileen iritziak biltzen ari direla, eta Kongresuko taldeei gogoratu die zuzenketak jartzeko aukera izango dutela. Ez du zehaztu legealdia amaitu baino lehen aurkeztuko duten lege proiektua.

PPk eskatuta egin du agerraldia Zelaak. Horretarako beharrik ez zegoela azaldu du, lege proiektua ez dagoelako eginda. Dena den, zenbait zehaztapen egin ditu. Aitortu du hezkuntzako eragileek jada agertu dizkiotela neurriaren inguruko kezkak. Kotizazioen ordaintzea hezkuntzako administrazioen esku geratuko balitz, horrek eragina izango lukeelako euren aurrekontuetan. Enpresen esku geratuko balitz, zailtasun gehiago izango lituzketelako praktiketako ikasleak kontratatzen dituzten enpresak bilatzeko. Horretaz jakitun dela azpimarratu du Zelaak.

Lan Ministerioaren egitasmoak unibertsitate eta lanbide heziketako ikasleei eragingo lieke. Ordaindutako praktikak izan zein ez; orain arte, ordaindu gabeengatik ez zen kotizatzen. Besteetan, kotizazioen kostua Gizarte Segurantzak hartzen zuen bere gain.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.