Enpresak

CAFek hiru kontratu lortu ditu, 240 milioi eurorenak

Bilboko Metroarekin, Renferekin eta Saudi Arabiako eragile birekin egin ditu akordioak.

CAFen planta, Beasainen. GORKA RUBIO / FOKU
xabier martin
2019ko otsailaren 6a
13:10
Entzun

Beasaingo konpainiak kontratuen poltsa handitzen jarraitzen du urte hasiera honetan, 2018ko amaiera sendoari segida emanez. CNMV merkatu arautzaileari jakinarazi dionez, CAFek hiru kontratu lortu ditu Espainian, Euskal Herrian eta Saudi Arabian, Renferekin, Bilboko Metroarekin, eta SRO eta SAR enpresekin. Hiru kontratu horien balioa 240 milioi eurotik gorakoa da. Albiste onak dira CAFentzat, Europako Batzordeak Siemensen eta Alstonen fusioaz zer esango begira dagoen egun hauetan.

Renfek Madrilgo aldiriko hainbat trenen mantentze lanak adjudikatu dizkio CAFi, baina tarte ertaineko 594, 596 y 598 serietako trenena ere. Lau urte iraungo dute mantentze kontratuek, eta urtebete gehiago luzatzeko aukera izango dute aldeek.

Bilboko Metroak, berriz, CAF aukeratu du 500 serieko 24 ibilgailuen 218 bogie-ren azterketa orokorra egiteko. Bost urte iraungo du mantentze kontratuak, eta segida emango dio 550 eta 600 serietako trenetan egiten ari denari.

Mantentze lanen negozioa

Saudi Arabian, SRO (Saudi Railways Organization) eta SAR (Saudi Railway Company) estatuko tren enpresek akordioa egin dute Gipuzkoako industria enpresarik handienarekin, beren trenen mantentze lanak egiteko. Kontratu biek hiru urte iraungo dute, eta aurretik CAF Saudi Arabian egiten ari zen jarduera bera luzatuko dute. Tren horiek 55 graduko tenperaturetan ere ibiltzen dira, eta mantentze lan handia behar dute.

CAFek dio mantentze lanen negozioan egin duen apustu handia islatzen dutela hiru kontratu horiek. Gaur egun hamahiru herrialdetan egindako 50 mantentze kontratu ditu Beasaingo konpainiak. Guztira, 6.200 trenen mantentze lana egiten du, 2.300 langileren beharrari esker.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.