Ekonomia

Legebiltzarrak uko egin dio eztabaidatzeari pobreziaren aurkako herri ekinbidea

EAJk, PSE-EEk eta PPk aurka bozkatu dute, horren moduko ekinbide bat bidean dagoela argudiatuta. Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutunaren ekinbideak 51.000 sinaduraren babesa zuen.

51.000 sinadurak Eusko Legebiltzarraren aurrea. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Jon Rejado.
2019ko otsailaren 7a
15:36
Entzun

Amaitu da pobreziaren eta bazterketa sozialaren aurkako herri ekinbide legegilearen bidea. Eusko Legebiltzarrak ez ditu eztabaidatuko Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutunaren proposamenak. Proposamenak EH Bildu eta Elkarrekin Podemosen babesa izan zuen, baina EAJk, PSE-EEk eta PPk aurka bozkatu zuten.

Janire Landaluze Perez ekinbidearen sustatzaileetako batek hartu du hitza osoko bilkuran, proposamenak defendatzeko. Adierazi du Eusko Jaurlaritzak “murrizketa handiak” egin dituela diru sarrerak bermatzeko errentaren zenbatekoetan. Halaber, gaineratu du hori jasotzeko baldintzak ere gogortu dituela. Herri ekinbidea hori zuzentzeko asmoarekin sortu zela azaldu, eta, gutxienez, horien gainean eztabaidatzeko eskatu die legebiltzar taldeei. “Eztabaida irekitzeaz ari gara; gero gerokoak”.

Eztabaida ez dute ireki, ordea. EAJk, PSE-EEk eta PPk argudio bera baliatu dute Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutunaren ekinaldia eztabaidatzearen aurka bozkatzeko. EAJk eta PSE-EEk lege proposamen bat aurkeztu zuten gai horri buruz 2018ko ekainean, herri ekinbidea erregistratu eta lau hilabete geroago. Alderdi horietako eledunek nabarmendu dute ez duela zentzurik bi eztabaida egoteak gai beraren inguruan.

EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek gogora ekarri dute ekinbideak 51.000 sinadura jaso zituela. Beraz, esan zuten eztabaida ukatuta bazter uzten ari zirela sinatu zuten 51.000 pertsona horien parte hartzea. Horrez gain, nabarmendu zuten garaia dela azken urteetan diru sarrerak bermatzeko errentak hartutako norabidea gelditu eta zuzentzeko.

Eusko Legebiltzarreko bidea eten ondoren, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutunak mobilizazio bat egingo du otsailaren 13an, Bilbon. Giza kate baten bitartez lotuko dituzte EAJ, PSE-EE eta PPren egoitzak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.