Eutanasia

Maribel Tellaetxearen familiak Madrilera eraman du eutanasiaren aldeko eskea

Eritasun eta mendekotasun larriak dituzten pertsonak hiltzen laguntzea zigorgabetuko duen legearen alde jasotako 280.000 sinadura aurkeztu dituzte

265.000 sinadura baino gehiago entregatu dituzte Espainiako Kongresuan, eritasun eta mendekotasun larriak dituzten pertsonak hiltzen laguntzea zigorgabetuko duen legearen alde. J.J. GUILLEN, EFE
arantxa iraola
2019ko otsailaren 11
18:48
Entzun

Hilabeteak daramatza Lorente-Tellaetxe familiak amarentzat eutanasia eskatzen, hautu hori legezko bihurtzeko aldarrikatzen. Portugaleten (Bizkaia) hasi zuten kanpaina, beren herrian, baina oihartzun handia lortzen ari dira, eta gaur goizean, esaterako, Madrilen izan dira, Espainiako Kongresuan, aldarriaren alde batu dituzten sinadurak —280.000 inguru— aurkezten. Aurrez ere aldarria bultzatzen ari zen familia batekin egin dute eskea, Luis de Marcos Veraren etxekoekin. Esklerosia zuen gizon bat zen, "oinaze" handiak pairatu behar izan zituen, eta eutanasia legeztatzearen alde aritu zen; sinadurak biltzen jardun zuen hark ere, eta 2017ko abuztuan hil zen.

Maribel Tellaetxek alzheimerra oso garatua du orain, eta ez da bere buruaren jabe. Aurrez, oraindik zentzuz jarduteko gai zenean, hainbat eratan utzi zuen idatzia ez zuela nahi burua guztiz galduta bizitzerik; familiakoei idatzia utzi zien eskari hori, modu informalean, eta aurretiazko borondateen agiriaren bidez ere egin zuen eskea, era formalean. Oraindik, ordea, legez kanpoko jarduera da eutanasia; are gehiago, delitua da.

Espainiako Kongresuan tramiterako onartuta dago jarduera hori arautzea ekar dezakeen lege proiektu bat, PSOEk proposatutakoa. PPk testu horren aurka aurkeztutako osoko zuzenketa atzera bota zuten gainerako talde politiko guztiek iragan urriaren 25ean, eta legea gauzatu ahal izateko esperantza piztu zen. Baina aldarriaren alde ari direnen arabera, legearen tramitazioa "blokeatzen" ari dira orain PP eta Ciudadanos, eta, horregatik, geratuta dago prozesua.

"Politikariei eskatu nahi diegu bihotzak eta begiak zabaltzeko", adierazi du gaur Marcos Veraren alargunak Madrilen egin duten agerraldian. "Ikus dezaten zer ari garen eskatzen".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.