Telebista

Ustekabeko ezkontza bat ospatuko da 'Go!azen'-en azken atalean

Gaur izango da Go!azen 5.0 telesailaren denboraldiko azken kapitulua. Basakabiko udalekua amaitzear dago eta protagonistek istorio ugari biziko dituzte azken egunetan. Besteren artean, Elik eta Zurik ezustekoa ezkontza bat antolatuko dute.

'Go!azen'-en denboraldi amaierako atalaren irudi bat. EITB
2019ko otsailaren 15a
13:00
Entzun

Basakabiko udalekua uzteko unea iritsi zaie Go!azen-eko kideei. Azken eguna izango dute gaurko atalean, eta udalekua utzi aurretik ideia bikain bat bururatu zaie Eliri eta Zuriri: beren gurasoei ustekabeko ezkontza bat antolatzea. Udalekuan orain arte izan dituzten ideiak ez zaizkie oso ongi irten, eta ikusi egin beharko da ezkontza nahi duten bezalakoa den. Ezkontza ongi antolatzeko gai izango al dira? Eta ezkongaiek baietza emango al dute?

Ezkontzarako apaiza bilatuko dute lehenik. Zuzeni proposatuko diote, baina ezusteko bat izango du eta baliteke meza emateko modurik onenean ez egotea. Gainera, Eusko Jaurlaritzako ikuskatzaile bat ere agertuko da Basakabin. Oztopoak oztopo, ilusioz arituko dira Zuri eta Eli ezkontza antolatzen.

Pozik ibiliko da Naia ere. Alex Amsterdamera joan da eta, uda osoan ez bezala, orain argi ditu gauzak: Julen maite du eta harekin harreman bat hasi nahiko luke. Baina zer erantzungo dio berak?

Azkenik, Markel aberastasunez josita ikusiko dugu Ameriketara joan nintzen abesten. Saldu egingo ote du San Bernardoren kodexa?

Ostiralero bezala, azken atala ere ikusgai izango da ETB1en eta eitb.eus-en, 21:00etan. Ondoren, denboraldi osoa EiTB Nahieran atarian egongo da eskuragarri.

Denboraldiak, orain arte, % 3,9ko audientzia izan du batez beste, eta euskaldunen artean %12ko ikus-entzule kuota izan du. Halaber, lider izan da 4 eta 12 urte bitarteko ikusleen artean %28,1eko audientziarekin.

Casting berria

ETB eta Pausoka ekoizleak telesailaren denboraldi berria prestatzen hasi dira, eta Basakabiko kide berrien rolak jokatuko dituzten aktoreak bilatuko dituzte. Horretarako, casting prozesua zabaldu da eta eitb.eus/goazencasting helbidean dago aktore aukeraketari buruzko informazio guztia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.