Memoria historikoa

Frankismoko 300 ikur eta ohorezko aipamen baino gehiago erretiratu dituzte Nafarroan

Nafarroako Gobernua udalekin batera ari da lanean ikurrak eta ohorezko izendapenak kentzeko.

2016an erretiratu zuten ereinozduna Nafarroako Jauregitik. IñIGO URIZ, FOKU
Ainhoa Larretxea Agirre.
2019ko otsailaren 18a
07:40
Entzun

Nafarroako Gobernuak, tokiko erakundeekin batera frankismoaren 300 sinbolo eta ohorezko aipamen baino gehiago erretiratu ditu. 2016an egin zen sinbologia frankistaren lehen errolda eta bertan 224 sinbolo eta 78 ohorezko aipamen identifikatu zituzten. Gerora, ordea, bertze 160 sinbolo eta aipamen ere detektatu dituzte. Denetara 460 sinbolo eta ohorezko izendapen dira aurkitutakoak.

Denera, detektatu dituzten 350 ereinozdun eta plaken artean 234 erretiratu dituzte eta bertze 32 erretiratzeko prozesuan daude. Ohorezko aipamenei dagokionez aurkitu dituzten 112 aipamenetatik 75 kendu dituzte jada eta bertze 16 kentzeko prozesuan dira.

Ana Ollo Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilariak eta Alvaro Baraibar, Bakea, Bizikidetza eta Giza Eskubideen zuzendari nagusiak eman dituzte datu zehatzak gaur goizean egin duten agerraldian. Ontzat eman dute Nafarroako Gobernuak frankismoaren sinboloak erretiratzeko egindako bidea, nahiz eta nabarmendu duten oraindik ere egiteko anitz dagoela. Ollok nabarmendu du memoria lan ildo nagusia dela eta “espazioaren demokratizazioa” garrantzitsua dela.

Udalen eskumena da sinboloak kentzea, hala ere Ollok nabarmendu du gobernuak lan egiteko konpromiso irmoa duela. Nafarroako udal ezberdinek prozesuan lagundu dutela azpimarratu du eta ez dutela ia erresistentziarik jaso. Baraibarrek nabarmendu du ikertzen jarraituko dutela eta beraz litekeena dela errolda handitzen joatea. 

Kendutako sinboloak erakusteko datorren martxoa erdialdean gune bat atonduko dute Iruñeko Sarasate pasealekuan. Bertan ikus entzunezko baten bitartez, kendutako sinbolo guztiak erakutsiko dituzte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.