Gastronomia

Donostian banatuko dituzte Repsol Gidaren Eguzkiak

Repsolen turismo gidak 40 urte bete ditu, eta Donostian abiatuko du “norabide berria”. Astelehenean egingo da Repsol Gidaren Eguzkiak banatzeko gala, Tabakaleran.

Repsol Gidaren Eguziaren Astea aurkeztu dute gaur Donostian Harkaitz Millan Basquetourreko zuzendariak, Maria Ritter Repsol Gidako zuzendariak, eta Ernesto Gasco Donostiako alkateordeak. JUAN HERRERO / EFE
Andoni Imaz.
2019ko otsailaren 19a
17:35
Entzun

Autoan egiteko ibilbide turistikoak jasotzen ditu Repsol Gidak, baina turismoaren inguruko informazioaz gain, gastronomiak pisu nabarmena dauka du bertan. Eguzkien Astea da haren jai gastronomikorik handiena, eta Euskal Herrira ekarri dute aurrenekoz: Donostiara, hain zuzen. Astelehenean, Eguzkiak banatzeko gala egingo dute Tabakaleran.

Aurten arte, gala Madrilen egin izan dute urtero, baina Repsolek Basquetour Euskal Turismo Agentziarekin egindako lankidetzaren ondorioz, aurten hasi eta 2021. urtera arte, Repsol Gidaren Eguzkiak emateko ekitaldia Araban, Bizkaian edo Gipuzkoan egingo da. “Aurten Donostian egingo da, eta ikusi beharko dugu zein euskal lurraldetan egingo den datozen bi urteetan”, azaldu du gaur goizeko aurkezpenean Harkaitz Millan Basquetourreko zuzendari nagusiak. Maria Ritter Gidako zuzendaria eta Ernesto Gasco Donostiako alkateordea izan ditu lagun aurkezpenean. “Gauzak ondo eginez gero”, datozen bi urteetan ere Donostian egiteko aukera luzatu du Gascok.

Gaur abiatu dute Eguzkiaren Astea, eta hori itxiko duen gala da ekitaldi nagusia. Eguzkiak irabazi dituzten sukaldariak elkartuko dira han, baita sukaldaritzaren munduko izen handiak ere, Repsol Gidak 40. urtemugan hartu duen “bide berriaren alde topa egiteko”. Donostian ospatuko dute urteurrena, gida sortu zen garai bertsuan euskal sukaldaritza berria jaio zen lekuan. Gidak “jatorriekiko errespetuarekin egindako berrikuntzan jartzen du fokua, hazten jarraitzeko”, Millanen hitzetan.

Galaren aurretik, ordea, zenbait ekitaldi egingo dituzte. “Estatuko talentu gastronomikoa hiritarrekin partekatzeko pentsatu dira ekintzak”, Ritterren hitzetan. Ekitaldi nagusia asteleheneko gala izango den arren, dagoeneko abiatu dute Eguzkien Astea, eta bi metroko altuera duten sardexka, koilara eta aiztoak jarri dituzte ustekabean Donostiako erdigunean, Andia kalean.

Hiritarrek Repsol Gida “bost zentzumenekin esperimentatzea” da asteko ekintzen helburua. Dastamena izango da nagusi, noski: Repsol Eguzkia duten jatetxeetan hamar afari zozkatuko dituzte sare sozialen bidez. Donostiaren gastronomia marka “kontsakratua” da, Gascoren ustean, baina “berritu egin behar da publiko gaztearengana iristeko”. Gipuzkoako Repsol, Petronor eta Campsaren hornitegietan ere parte hartzeko aukera egongo da. Ikusmena lantzeko, FotoSol izeneko fotomatoiak jarriko dituzte ostegunean. Fotomatoiak filtro berezi bat izango du, klik batekin argazkian ateratzen diren pertsonak beltzarantzeko. Bi makina jarriko dituzte igandea bitarte: bata Bulebarrean, eta bestea Andia kalean.

Galaren aurretik Eguzkiaren Asteari amaiera emateko, igandean pintxoen ibilbidea egingo dute Donostian. Eguzkiaren ibilbidea izena jarri diote, eta Eguzkiak irabazi dituzten sukaldariak lanean jarriko dituzte hiriko zenbait tabernatan, egun horretarako propio sortutako pintxoak egiten: Torres anaiak Zazpi tabernan egongo dira, Paco Morales Bodega Donostiarran, Maca de Castro Ganbaran, eta Alberto Ferruz Txepetxan. “Hiritarrak sukaldaritzaren munduko erreferenteekin harremanetan egotea da gure helburua”, esan du Mitterrek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.