Autogintza

EH Bilduk uste du "mikro plan bat" baino ez dela Jaurlaritzaren Renove plana

Ezkerreko koalizioak eskatu du lantalde txostengile bat martxan jartzeko Eusko Legebiltzarrean, autogintzarentzat "politika publiko sendoak diseinatzeko"

Zamudioko Matrici kooperatibako lantegian langileak beharrean. MONDRAGON
Jon Fernandez.
2019ko otsailaren 20a
14:21
Entzun

Eusko Jaurlaritzak autoak erosteko iragarritako Renove planak "ez dauka zentzurik", EH Bilduren iritziz. "Mikro plan bat" dela adierazi dute Iker Casanova eta Miren Larrion EH Bilduko legebiltzarkideek, "epe motzerako ikuspegiduna eta hauteskundeei begirakoa". Gogora ekarri dute bost milioi euro bideratuko dituela Jaurlaritzak Renove planera, eta bakarrik 2.500 auto izango direla onuradunak, bakoitzak 2.000 euroko laguntzarekin, batez beste.

Laguntza hori motz geratzen da, ezkerreko koalizioaren aburuz, autogintzaren sektorea "sakoneko eraldaketa fase baten atarian" dagoelako. Hori dela eta, legez besteko proposamen bat aurkeztu dute gaur legebiltzarrean, hilabeteko epean lantalde txostengile bat martxan jar dadin sektorearen etorkizuna aztertu eta politika publiko sendoak diseinatzeko.

"Autogintza sakoneko eraldaketa fase baten aurrean dago. Hortaz, sakoneko egokitzapenak egin behar dira, eta industriaren biziraupena arriskuan jarri ditzaketen hainbat faktore kontuan hartu behar dira", azaldu du Larrionek. "Adibidez, arreta berezia jarri behar diegu eraldaketa teknologikoari, ibilgailu alternatiboei eta ikerkuntza, garapena eta berrikuntzaren arloan dauden erronkei, besteak beste. Hau ez da egun bateko lana, baina ezin da ere denboran luzatu. Lehenbailehen heldu behar diogu aurrean dugun erronkari".

Eguturazko laguntzak

Larrionek eta Casanovak autogintza laguntzeko "politika publiko serio eta estrukturalak" eskatu dizkiote Eusko Jaurlaritzari. "Sakoneko egokitzapenak egin behar dira lanpostuak mantendu, garai berrietara egokitu eta erronka ekonomiko, ekologiko eta industrialei aurre egiteko", gaineratu du Larrionek.

Automozioaren sektorea bidegurutzean dagoela eta, EH Bilduk ezinbestekotzat jo du "politika publiko sendoak" diseinatzea langileen ordezkariekin, enpresekin eta adituekin batera.

Casanovak gogora ekarri du autogintza sektorea "gakoa" dela euskal industrian. "Izan ere, 300 enpresa aritzen dira arloan, 85.000 lanpostu duade —horietatik 40.000 EAEn—, eta %35eko pisua du esportazioetan".

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.