LABek Emakunderen egoitza okupatu du: "Soldata arrakala arazo politikoa da"

Gasteizen egindako ekintzarekin, "benetako politika feministak diseinatzen hasteko" eskatu diote Emakunderi. Iruñean ere egin dute protesta, Nafarroako Parlamentuaren aurrean. Bideoa, albistearen amaieran.

Emakunderen Gasteizko egoitza, gaur goizean. LAB SINDIKATUA.
Hodei Iruretagoiena
2019ko otsailaren 21a
07:20
Entzun

Soldata arrakala "ez da kopuru bat" bakarrik. Horixe bistaratu nahi izan du LABek gaur, Gasteizko ekintzaren bidez. Bihar da Gizon eta Emakumeen Soldata Berdintasunaren Aldeko Eguna, eta dokumentu bat erregistratu dute Emakunderen egoitzan, soldata arrakalarena "arazo politikoa" dela azaltzeko. "Sistemak erabiltzen duen tresna baita, gure lanei balioa kentzeko, lan horiek doan eskuratzeko, gutxiago ordaintzeko, jardunaldi partzialak eta aldi baterako kontratuak inposatzeko eta zaintza lanak egitera behartzeko", jaso dute idatzi horretan, eta trantsiziorako neurri zehatzak ere proposatu dituzte. Ondoren, dozenaka emakume sartu dira egoitzara jaka moreak jantzita, eta batzar bat egin dute han. Iruñean ere egin dute protesta, Nafarroako Parlamentuaren aurrean.

Ekintza horrekin, "benetako politika feministak diseinatzen hasteko" eskatu diote Emakunderi, LABen ustez, gaur egungo politikek ez baitiote erantzuten andreen gehiengoaren eskariei, "gutxi batzuei" baizik. Eusko Jaurlaritzaren konpromiso falta kritikatu dute, eta "aldaketa erradikalen garaia" dela aldarrikatu. "Sistema honetan" ez dutela sinesten argi utzita, "kapitalismoa hautsi eta bizitzari eustera" deitu dute, martxoaren 8ko greba feministan parte hartzeko eskatzearekin batera.

Soldata arrakala "arazo politikoa" dela aintzat hartuta, LABek salatu du horren inguruko azalpen batzuk "neutraltasunez" ematen direla, egiturazko arazoa dela ezkutatzeko. LAB: "Pertsonak zaintzea, garbitzea eta heztea, bizitza posible egiten duten lanak, balio gutxiagokoak badira kotxeak ekoiztea, torlojuak egitea edo harresiak altxatzea baino, honek pentsarazi beharko liguke zer jendarte eredutan bizi garen". Ildo beretik, sindikatuko kideek gogora ekarri dute soldata arrakalarik "handiena" ordaintzen diren lanen eta ordaintzen ez direnen artekoa dela.

Erakundeei eskatzeaz gain, sindikatuek ere beren zeregina "birpentsatu" behar dutela aitortu du LABek. "Baina jendartearen parte gara, lan mundua ez baitago sistematik kanpo; horregatik, oso garrantzitsua da beste urrats batzuk ere gure gain hartzea".

[youtube]https://youtu.be/kHpx6k7U4Lw[/youtube]

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.