Sexu abusuak

Salestarretako biktimek ohartarazi dute salaketak artxibatzeak ez duela inor errugabetzen

Eragindako mina aitortzeko eskatu diete biktimek salestarrei eta Eliza katolikoari. Elizaren barruan izaniko abusuak gaitzetsi ditu Vatikanoko buruak, baina neurri zehatzik hartu gabe.

Sexu abusuen aurkako protesta bat, otsail hasieran. LUIS JAUREGIALTZO, FOKU
2019ko otsailaren 25a
17:49
Entzun

Salestarretako irakasle ohiaren biktimek jarritako salaketetatik zortzi artxibatu egin zituzten joan den astean, preskribatuta daudela ondorioztatuta. Biktimek, ordea, ohartarazi dute ez dela gauza bera salaketak artxibatzea eta erasotzailea errugabetzea, eta abusu horiek ezkutatu zituztenen aurkako neurriak eskatu dizkiete bai salestarren komunitateari, bai eta  Eliza katolikoari berari ere.

"Egia da gure zauriak ixteko modu bakarra. Elizari eta salestarrei gardentasuna, umiltasunez jokatzeko eta egindakoa aitortzeko eskatzen diegu", dio biktimek plazaratutako oharrak, eta gogorarazten du eurak ez direla bakarrak, badirela biktima gehiago ere: "Haiei ere gure babes osoa helarazi nahi diegu, eta salaketa jartzera animatu nahi ditugu".

Bide batez, nabarmendu dute errudun direla abusuak ezkutatzen dituzten horiek ere. "Delitua ezkutatzen dutenei esker, abusuak behin eta berriz errepikatzen dira". Hala , eskatzen dute erreformak egin ditzatela Elizaren barruan erasotzaileak identifikatzeko eta horiek ezkutatzen dituztenak zigortzeko. Aldi berean, eskatzen diete politikariei alda dezatela legea haurren kontrako sexu erasoek inoiz preskriba ez dezaten.

Vatikanoa, motz

Igandean amaitu zen Elizar barruko pederastia kasuei buruz Vatikanoak berak antolatutako goi bilera. Amaiera ekitaldian, Francisco aita santuak hainbat neurri proposatu zituen halako kasurik gehiago gerta ez dadin, baina erasotzaileen aurkako neurri zehatzik hartu gabe, eta nabarmendu zuen Eliza katolikoan ez ezik beste hainbat erakunderen barruan ere gertatu izan direla halakoak.

Biktimek kritikatu egin dute Elizako buruaren jarrera, eta "benetako neurririk" hartu ez izana egotzi diote. "Bere ardura da erasotzaileak justiziaren esku uztea, eta gertatutakoari buruzko txostenak ez suntsitzea, behin baino gehiagotan egin izan duten moduan; edo gutxienez, erasotzaileak kargugabetzea eta biktimei nolabaiteko kalte-ordainak ematea", salatu du Miguel Hurtadok, Biktimen Mundu Erakundeko kideak.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.