Martxoak 8

Ahalduntzea eta etorkizunaz erabakitzeko eskubidea, erakundeen ardatzak

Emakundeko zuzendari Izaskun Landaidak mugimendu feministak deitutako mobilizazioetan parte hartzera gonbidatu ditu emakumezkoak.

Emakundeen M8ko kanpainaren aurkezpena. EMAKUNDE
Jon Rejado.
2019ko otsailaren 26a
10:26
Entzun

Emakunde Emakumearen Euskal Institutuak eta Nafarroako Berdintasunerako Institutuak Martxoaren 8ko kanpainak aurkeztu dituzte. Kanpaina horietan ahalduntzea eta etorkizunaz erabakitzeko eskubideak uztartu dituzte. Erabakitzen dudana izango naiz leloa aukeratu du Emakundek, eta Berdintasuna eraikitzen ahalduntze kolektiboaren bidez esaldia irakurri eta entzun ahalko da Nafarroan.

Emakundek Martxoaren 8ko kanpaina esaldi horretan oinarritu du, eta bi ardatzetan jarri du arreta: emakume eta nesken ahalduntzea, eta etorkizuna erabakitzeko eskubidea genero mugarik gabe. Kanpainaren bideoan eta irudian lau neska ageri dira, historian erreferente izan diren emakumeen marrazkien aurrean: Marie Curie zientzialaria, Clara Campoamor idazle eta politikaria, Frida Kahlo margolaria eta Maria Antonia Uzkudun erraketista. Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariak gogorarazi du neska askok ahalduntasunerako pausoak eman dituztela. “Prest daude, beraien eskubideetaz jabetu dira, eta jendarteak beraien eskakizunei erantzun behar die”.

Nafarroako Berdintasunerako Institutuak ahalduntze kolektiboan jarri du arreta, nagusiki. Kanpainak jaso ditu Nafarroako emakume taldeen esperientziak eta bizipenak, eta nabarmendu du elkarlanaren garrantzia: dela agenda bateratzeko, dela sare lana egiteko. Horren bitartez emakumeen parte hartze soziopolitikoa handitzen dela nabarmendu dute Nafarroako Berdintasunerako Institutuko kideek.

Mobilizazioetan parte hartzeko deia

Bestalde, Izaskun Landaidak jakinarazi du bat egiten duela mugimendu feministak martxoaren 8a dela-eta egindako aldarrikapenekin, eta hari aitortuko diola protagonismo osoa egin horretan. Mobilizazioetan parte hartzera deitu ditu emakumezkoak, mugimendu feministak proposatutako moduetan. Halaber, gaineratu du egun horretan Emakunde “geldituko” dela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.