Inauteriak

Inauterietan murgildu dira Tolosan

Gaur hasi eta asteazkenera bitartean kolorez jantziko dituzte Tolosako (Gipuzkoa) kaleak. Han bakarrik ez, Euskal Herriko beste hainbat txokotan ere ospatzen dituzte inauteriak.

2019ko otsailaren 28a
15:59
Entzun

Aurrez hutsik zeuden kaleak bete egin dira txupinazoa entzuteko eta inauteriek dakarten jai giroan murgiltzeko gogoz dagoen jendez. Kolore biziz jantzi dute herriko plaza, Tolosara bildu direnek, eta hala egingo dute datozen egunetan ere. Bost egunez inauterien hiriburu izango da Gipuzkoako udalerria.

Jaia ostegun gizenarekin hasi arren, igandea eta astelehena dira inauterietako egun nagusiak Tolosan. Bi egun horietan, Zaldunitan eta Astelenitan, ateratzen dituzte kalera hainbat astean aurrez prestatutako karrozak.

Baina Tolosan ez ezik, Euskal Herriko beste hainbat txokotan ere gogoz ospatzen dituzte inauteriak. Laudion (Araba), esaterako, Leziagako sorgina bihurtzen da jaietako protagonista. Aurten, baina, aurreko urteetan erre beharrean haren omenezko dantza egingo dute.  Igandean ere hainbat tokitan ospatuko dituzte inauteriak, besteak beste, Mundakan (Bizkaia), Zalduondon (Araba) eta Lesakan (Nafarroa).

Baina Euskal Herriko mugak zeharkatzen dituen ohitura da inauteena. Adibidez, joaldunak aurki daitezke Europako luze-zabalean: Mamuthones deitzen dira Sardinian, Zamarraco Espainian, Survakar Bulgarian, Ta Grdi eta Kurent Eslovenian...

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.