OSASUNA

Gizentasunaz ohartarazi du Jaurlaritzak: hiru umetik batek gehiegizko pisua du

Haur obesitatea prebenitzeko plan bat aurkeztu du Osasun Sailak. Helburutzat jarri du umeek egunero jatea fruta eta barazkiak, astean zazpi orduz kirola egitea eta udalek beren agendetan sartzea gaia.

Haur batzuk, fruta jaten, eskolan. JAGOBA MANTEROLA, FOKU
Ibai Maruri Bilbao.
2019ko otsailaren 28a
17:08
Entzun

Ume eta nerabe guztiek egunero fruituak eta barazkiak jatea, astean gutxienez zazpi orduz ariketa fisikoa egitea —bi ordu eskolatik kanpo— eta udal guztiek gazteen obesitatearen aurkako politikak beren agendan sartzea. 2022rako hiru helburu horiek ditu haurren obesitatea prebenitzeko Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak atondu duen estrategiak. Sano ipini diote izena. "Badakigu erronka handia dela, eta agian hiru urteotan ez ditugula helburuak erabat lortuko. Baina behintzat saiatuko gara ahalik eta gehien gerturatzen", azaldu du Jon Darpon Osasun sailburuak.

Espainiako Osasun Inkestaren arabera, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 2 eta 17 urte arteko umeen artean behera egin du obesitateak 2012tik 2017ra: %13tik %8ra jaitsi da mutiletan, eta %9tik %6ra nesketan. Hala ere, gora egin du gehiegizko pisua duten umeen kopuruak, eta horrek kezkatu du Osasun Saila. %13tik %26ra igo da mutiletan, eta %15etik %25era nesketan. Bereziki, 6 eta 9 urte arteko neska-mutikoetan dira nabarmenak gehiegizko pisua eta obesitatea: mutilen %22k pisatzen dute behar baino gehiago, eta %15ek dute obesitatea; nesken %24k pisatzen dute behar baino gehiago, eta %8k dute obesitatea. Adin guztietan gehiegizko pisua duten mutilak gehiago dira neskak baino, nahiz eta neskek mutilek baino ariketa fisiko gutxiago egin, oro har. "Ezin da azalpenik eman. Obesitatea jaten eta kontsumitzen ditugun kalorien arteko oreka faltaren ondorio da, eta hor egon daiteke aldea", azaldu du Juanjo Aurrekoetxeak, Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendariak.

Sano izeneko estrategia "integratzailea eta diziplina anitzekoa" dela esan du sailburuak. Jaurlaritzako hainbat sailek hartu dute parte plana osatzen, baita umeekin harremana duten eragileek ere. Haurrek eurek ere iritzia eman dutela zehaztu du Darponek, estrategia garatzerakoan euren konpromisoa izango delako "garrantzitsuena".

1. Familia. "Garrantzitsuena", sailburuaren esanetan. Neska-mutilek ohitura osasungarriak sortzeko jarduerak egingo dituzte. Besteak beste, gurasoen prestakuntzarako programak eskainiko dituzte. Familian ariketa fisikoa egitea sustatu nahi dute. Eta sakelakoetarako aplikazio bat sortuko dute,  familiaren eta kideen nutrizio soslaia eta ariketa fisikoaren intentsitatea neurtzen laguntzeko; aholkuak ere emango dituzte.

2. Eskola. Ohitura osasungarriak bultzatuko dituen ekosistema bihurtu nahi dituzte ikastetxeak. Hezkuntza Sailarekin hezitzaileen parte hartzea sustatuko duen programak bultzatuko dituzte. Udalek, guraso elkarteek, enpresek eta herritarrek laguntzea ere nahi dute. Eskoletan eskaintzen diren elikagaiak osasuntsuak eta orekatuak izatea nahi dute. Darponek gogora ekarri du Sopelako (Bizkaia) Ander Deuna ikastolan eta Gasteizko Lakua Bizkarra ikastetxean bi proiektu probatzen ari direla: etxean eta eskolan fruitu, barazki eta arrain urdin gehiago jaten duten 8 eta 11 urte arteko umeak saritzen dituzte. Horrez gainera, ikastetxe guztietara jarraibideak bidaliko dituzte, jolastorduetan umeek ariketa fisikoa egin dezaten. "Ez da kirola izan behar ezinbestean. Jolasak izan daitezke".

3. Osasun arloa. Mediku eta erizainen artean sentsibilizazioa eta prestakuntza bultzatuko dute, hazkunde etapetan obesitatea identifikatu eta aurre egiten jakiteko. Jaio aurretiko etapan, amaren esnea edatearen garrantziaz ohartarazten jarraituko dutela esan du sailburuak, obesitateari aurre egiteko "garrantzitsua" delako.

4. Enpresa pribatuak. Bereziki elikadura enpresekin egin nahi dute lan. "Elikadura osasuntsuari lotutako aukerak erakargarriak izatea nahi dugu, eta baita ekonomikoki eskuragarriak ere". Horrez gainera, osasuntsuak ez diren elikagaiak eskuratzea zaildu egingo dute. Publizitate eta etiketen arloan, informazioa zuzena, argia eta ulergarria izan beharko da.

5. Komunitatea. Udal politiketan obesitatearen kontrako neurriak sartu beharko dira. Umeek olgetan egiteko lekuak izan ditzatela nahi dute. Eskolara oinez edo bizikletaz arriskurik gabe joan ahal izateko bide seguruak ere eskatu dituzte. Aisialdi eskaintza osatzerakoan familientzako ariketa fisikoa eskaini beharko litzatekeela uste dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.