Gizartea

Integrazio Batzordeak 127.000 euro behar ditu

Hogei urte beteko ditu aurten ahalmen urritasun egoeran diren haurren gurasoen eta lagunen elkarteak. Gaur egun, ikastoletako 111 haur laguntzen ditu.

Integrazio Batzordearen prentsaurrekoa, gaur, Donibane Lohitzunen. BOB EDME
Ekhi Erremundegi Beloki.
2019ko otsailaren 28a
15:55
Entzun

Dirua biltzeko urteroko kanpaina abiatu du Integrazio Batzordeak, baina, beste urteetan baino bereziagoa izanen da aurtengoa, 20. kanpaina izanen dutelako. 1999ko irailean ahalbidetu zuten lehen aldiz ahalmen urritasun egoeran zen haur bat bere ikastolan eskolatzea; 20 urte beranduago 111 haur laguntzera iritsi dira, eta beste 39 proiektu ikerketa fasean dituzte. "Biziki berri ona da, ahalmen urritasun egoeran diren haurren eskolatzea etengabe igotzen ari delako ikastoletan", adierazi dute agiri batean. Aurtengo kanpainan 127.000 euro bildu nahiko lituzkete haurren eta haien familien laguntzeko.

Azken 20 urteetako helburu berarekin segitzen dutela azaldu dute halaber: "haur bakoitzaren beharrei erantzutea, ikastoletan egon dadin segurtatzea, bere ingurumenean, besteen artean". Hori izan baita hasieratik Integrazio Batzordeak eraman duen lana. "Haur bakoitza berezia denez, laguntza egoki batek bakarrik ahalbidetuko dio haur desberdin bati besteak bezala lortzea: pertsona berezi bat bezala, bere berezitasunez harro".

Zentzu horretan, Frantziako Hezkuntza Nazionalaren jarrera deitoratu du Integrazio Batzordeak, lege testuak kontuan hartu gabe, ez dituelako beharrezko postu guziak diruztatzen. Horregatik, ezinbestekotzat jo dute babesle, elkarte eta herritarrek ematen dioten laguntza. Asteburu honetatik aitzina abiatuko dute diru biltze kanpaina eta urte guzian zehar ekitaldi andana antolatuko dituztela iragarri dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.