MEMORIA HISTORIKOA

Frankismoko biktimek helegitea aurkeztuko dute Auzitegi Konstituzionalean

Nafarroako Lurralde Auzitegiak frankismo garaiko krimenen kontrako kereila artxibatu izana salatu dute, auzitegiaren atarian egin duten elkarretaratzean. Frankismoaren krimenen zigorgabetasuna gaitzetsi dute.

Frankismoko krimenen kontrako kereilaren artxbatzea salatzeko elkarretaratzea, gaur, Nafarroako Lurralde Auzitegiaren parean. 78KO SANFERMINAK GOGOAN
2019ko martxoaren 1a
14:00
Entzun

Botere judiziala: Inpunitateari stop! Aski da! lelopean, dozenaka lagun elkartu dira, gaur goizean, Nafarroako Lurralde Auzitegiaren atarian. Auzitegiak frankismoaren krimenen kontrako kereila artxibatu izana gaitzetsi dute. Iruñeko Udalak eta frankismoaren biktimek aurkeztu zuten kereila hori duela bi urte. 2017ko martxoan, Iruñeko instrukzio epaitegian aurkeztu zuten salaketa hori, eta ,zehazki, 309 iruindarren hilketak eta 1.014 kartzelatze ikertzeko eskatu zuten. 1936. eta 1975. urteen artean gertatu ziren krimen guztiak.

Kereila sustatu duten biktimek eta biktimen hainbat senidek deitu dute elkarretaratzera. Deialdiak hainbat sindikaturen, elkarte memorialistaren eta bestelako gizarte eragileren babesa jaso du; besteak beste, ELA, LAB, ESK, Gazte Komunistak, Ernai, Peñen Federazioa, Orreaga, Sasoia, Internazionalistak Auzolanean eta 78ko Sanferminak Gogoan elkartearena.

Deitzaileek jakinarazi dute Espainiako Auzitegi Konstituzionalera joko dutela Nafarroako Lurralde Auzitegiaren erabakiari helegitea aurkezteko. Duela urtebete, kereila tramiterako onartzea baztertu zuen auzitegiak, eta erabaki horren aurka helegitea jarri zuen Iruñeko Udalak. Hori ere baztertu du auzitegiak, udalak gisa horretako salaketa bat jartzeko eskumenik ez duela argudiatuta, eta 1977ko Amnistia Legea dela-eta delituak preskribatuta daudelako.

Kereila biltzatu duten biktimen iritziz, okerra da frankismoaren krimenak preskribatu direla ebaztea. Eskubideen urraketa horiek gizateriaren aurkako krimenak direla argudiatu dute, eta, beraz, preskribaezinak direla nabarmendu dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.