REALA 0-2 ATLETICO MADRIL

Europara jauzirik ez oraindik

Atletico Madrilek korner batean eta falta jaurtiketa batean egin ditu neurketako bi golak. Azken ordu erdian Reala jokalari bat gehiagorekin aritu den arren, ez da golik egiteko gai izan.

Realaren eta Atletico Madrilen arteko liga neurketa, atzo, Anoetan. JUAN CARLOS RUIZ, FOKU
2019ko martxoaren 4a
08:24
Entzun

Europako postuetara jauzi egiteko aukera zuen, baina beste batean beharko du. Realak ezin izan zuen Atletico Madril gainditu, atzo, Anoetan.

Baloiaren bila zelairatu zen talde zuri-urdina partidaren hasieran. Berea izan zen baloiaren jabetza, eta Mikel Oiartzabalek izan zuen neurketako lehen gol aukera. Atletico Madril kontraerasorako prest zegoen zain, eta, pixkanaka, zelaian geroz eta erosoago jokatzen hasi zen. Hala, lehen aukerak izan zituzten bisitariek ere, Morataren bidez.

Reala sufritzen ari zen, eta gauzak are gehiago okertu ziren, William Jose aurrelariak min hartu zuenean. Zelaitik atera behar izan zuen Imanolek, 26. minutuan, Bautistaren ordez.

Minutu gutxira egin zituen Atletico Madrilek neurketako bi golak. Lehena, 30.ean, korner batean. Moratak Navasi izkin egin eta buruz errematatu zuen sareetara erdiraketa. Hiru minutu beranduago, falta jartiketa batean, bigarrenez zulatu zuen Rulliren atea Moratak.

Realak ez zuen etsi, eta bigarren zatian, gol aukera ona izan zuen Sandrok. Gutxigatik joan zitzaion kanpora buruarekin egin zuen errematea. 61. minutuan, jokalari bat gutxiagorekin gelditu zen Atletico Madril. Epaileak Koke kaleratu zuen. Realak gora jo zuen partida iraultzeko, baina ez zuen golik sartzea lortu. Atletico Madril ongi itxi zen atzean.

Azkenean, esku hutsik gelditu da Reala, eta 35 punturekin amaitu du 26. jardunaldia, Europako postuetatik bi puntura.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.