Ingurumena

Greenpeacek erabilera bakarreko plastikoen ekoizpena salatu du Gaztelugatxen

2019ko martxoaren 5a
13:02
Entzun

Euskal Herriko kostaldeko toki ezagunenetakoa aukeratu du Greenpeacek erabilera bakarreko plastikoen kontrako kanpaina egiteko. Game of Thrones telesailerako agertoki izan zen Gaztelugatxe irlara jo du (Bermeo, Bizkaia), telesailaren denboraldi berriaren estreinaldirako egun gutxi falta direla, arreta bereganatzeko. Hala, ahotik plastikoak jaurtitzen dituen lau metroko dragoi erraldoi bat jarri du Greenpeacek, Game of Thrones-en unibertsoari erreferentzia eginez. Izan ere, Gaztelugatxe Dragonstone bihurtu zuten telesailaren fikziozko munduan.

Greenpeacek salatu duenez, erabilera bakarreko plastikoak "izurritea dira mundo osoko erreketan, euri bideetan, hondartzetan eta ozeanoetan". Talde ekologistak hainbat enpresa handiren erantzukizuna nabarmendu du, erabilera bakarreko edukiontziekin "masa ekoizpena" eta "hiperkontsumoa" bultzatzen dituztelako. Izen-abizenekin aipatu ditu Coca-Cola, Pepsi, Mars, Danone, Nestle, Unilever, Mondelez, Colgate, Procter & Gamble eta Johnson & Johnson markak, besteak beste. Greenpeacek nabarmendu du marka horietako bakar bat ere ez dela konprometitu erabilera bakarreko plastikoak murriztera, eta ez dutela plan zehatzik ekoizten duten plastiko kopurua murrizteko. "Haien ardura faltak kostu onartezina du: gure ekosistemen eta beren menpe dauden izaki bizidunen osasuna".

Talde ekologistak ohartarazi du birziklatzea ez dela nahikoa plastikoen arazoari aurre egiteko, eta ezinbestekoa dela ekoizpena murriztea. "Markek aldatu egin behar dute eta bestelako aukerak eskaini, planeta itotzen ez jarraitzeko". Greenpeacek marka horien "egiazko aurpegia" erakutsi nahi izan dute: "Gure bizitzetan plastikoak jaurtitzeari uzten ez dion munstro batena".

Greenpeacek herritarrak deitu ditu erabilera bakarreko plastikoen kontrako kanpainarekin bat egitera, sinadura bilketaren bidez, prestatu dituen jardunaldietan parte hartuz edo sare sozialetan kanpaina zabalduz.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.