Eutanasia

Tellaetxeren azken hilabeteetako "tortura" salatu du haren familiak

Eutanasia legeztatzearen aldeko kanpainan irmo jarraituko dutela esan dute emakumearen senarrak eta bi semeek.

Maribel Tellaetxeren semeak eta senarra. BERRIA
arantxa iraola
2019ko martxoaren 7a
14:30
Entzun

Alzheimerra zuen Maribel Tellaetxek, eta eutanasia bidez hiltzen laguntzeko eskaera egina zion familiari. Hilabeteak egin ditu Lorente-Tellaetxe familiak hark eskatutakoa bete nahian, baina eutanasia delitua da oraindik Espainiako Estatuan. Bart hil da Tellaetxe, Santurtziko San Juan de Dios erietxean, eta haren familiak eskertu egin du bertan jasotako tratua, baina baita salatu ere azken hilabeteak "tortura bat" izan direla harentzat.

Portugaleteko Udaleko areto batean egin dute agerraldia emakumearen senarrak eta bi semeek. Familiak Ciudadanos eta Alderdi Popularra egin ditu Tellaetxeren nahia bete ezin izanaren erantzule. "Sentimendu nahasiak izan genituen atzokoan. Poza, naturak eman diolako gure ama eta emazteari legeak ukatutakoa. Eta gorrotoa, edozein gizakik merezi duen heriotza duin baterako eskubidea ukatu diotelako, eta torturaren pareko tratua eman diotelako azkeneraino".

Ciudadanoseko Albert Riverarekin, PPko buru Pablo Casadorekin eta Bilboko apezpikuarekin elkarrizketa bat nahiko lukeela esan du Tellaetxeren semeetako batek. Espainian eutanasia legeztatzea trabatu izana egotzi die familiak lehen biei, eta ohartarazi dute herritarren esku dagoela hori gehiago ez gertartzea: "Lau urtean behin ematen dugun botoarekin bermatu genezake gure bizitzak amaiera duina izatea".

Maribel Tellaetxeren senarrak maitasun poema batekin amaitu du agerraldia. Eutanasia legeztatzearen aldeko kanpainan irmo jarraituko dutela esan dute, eta aldeko sinadurak ematen jarrai daitekeela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.