Bizkaia

"Bilbok gainezka egin du. Elkarrekin ahaldundu gara"

Goiz-goizetik, pikete informatiboek Bilboko sarrerak moztu dituzte eta horrek auto pilaketak eragin ditu. Manifestazio handiak egin dituzte eguerdian eta arratsaldean: dozenaka mila atera dira kalera.

Bilboko manifesazioa, arratsaldean, udaletxe aurrean. LUIS JAUREGIALTZO, FOKU
gotzon hermosilla
2019ko martxoaren 8a
10:14
Entzun

Jesusen Bihotzetik Plaza Eliptikora arteko bidea bete egin da manifestazioa hasterako. Martxa abiatu den momentuan, sekulako burrunbada entzun da: sirenak, txilibituak, lapikoak... Eta oihu bat: "Gora borroka feminista”. Manifestazioaren buruan bi auto joan dira, eta ikur more handi bat eraman dute grebalariek eskuan. Lehenengo pankartan, grebarako deia grebarako deia egiteko mezua eraman dute.

Atzean, berriz, beste hainbat pankarta ere bazeuden; horietako bat, feminista gazteena: Neska gazteok heteropatriarkatu kapitalistari planto. Kantuan ere aritu dira grebalari gazteak: "Iraultza gu gara”.

Nekez egin du aurrera martxak, batez ere, Plaza Eliptikoaren inguruan, goraino betea baitzegoen hura ere. Aurrez ere ez da erraza izan aurrera egitea; haraino iristeko, 45 minutu behar izan ditu martxak. Beste ordubete inguru, gero, Plaza Eliptikotik udaletxe aurrera heltzeko. Ibilbidean zehar, alboetatik jendea batu da uneoro:

Denetariko aldarrikapena ikusi ahal izan dira bidean. Aurten, nabaritu da, gainera, Atlheticeko zaleen presentzia handiagoa —manifestazioaren ostean, San Mamesen zuen partida—. Euskaldunen eta euskararen aldeko mezuak ere presente izan dira, aldarri feministekin lotuta: Emakumea* eta euskalduna, bi aldiz errebeldea. Arropa saltoki handien aurrean, gainera, protesta ikusgarria egin dute.

Udaletxe aurrean egindako ekitaldian irakurri du gaurko agiria. Grebalariak nabarmendu dutenez, zaintza lanak aintzat ez hartzea beharrezkoa da kapitalismo patriarkala iraunarazteko. "Bidezko zaintza sistema nahi badugu, aldaketa erradikala behar dugu [...] Kapitalismoaren, patriarkatuaren eta kolonialismoaren arteko loturak ikusgarri egin nahi ditu grebak". Jarraian, pentsiodunek eta neska gazteek hartu dute hitza. "Euskal Herriko emakumeok kaleak hartu ditugu. Bilbok gainezka egin du. Elkarrekin ahaldundu gara. Historiaren beste atal bat idazten ari gara. Oraingoan, inork ez digu protagonismoa lapurtuko", esan dute, Zutik emakumeak abestuz ekiraldia amaitzeko.

Goizetik kalean

Eguna argitu orduko, emakume ugari batu da San Mames futbol zelaiaren eta EITBren egoitzaren arteko gunean eta Zabalburu plazaren inguruetan, eta Bilborako bi sarrera horiek moztu egin dituzte. Mozketak gutxi iraun badu ere, auto pilaketak handiak izan dira.

Bizkaiko Aldundiaren egoitzan batu dira ondoren grebalariak, jai giroan: bi zutabeek topo egin duten momentua bereziki zirrraragarria izan da. Aldundiaren aurreko elkarretaratzea baliatu dute zaintzaren auzia plazaratzeko: gosaria prestatu dute, garbiketarako zapi eta eskularruak eskegi dituzte inguruetan. Mugimendu feministak zaintzarako hainbat gune prestatu ditu Bilbon, eta zabalik egon dira egun osoan.

[youtube]https://youtu.be/ZdTgpmZjg_s[/youtube]

Aldundiaren aurrean egindako adierazpenetan, mugimendu feministako bozeramaileek esan dute "adi" egongo direla, ikusteko "azken orduan mobilizaziora batu direnek" martxoaren 9tik aurrera "agindutakoa betetzen ote duten".

Eguerdiko manifestazioak

12:00etan abiatu da manifestazio jendetsua Bilboko Jesusen Bihotza plazatik, Ertzak gainez egin, zentroa okupatzeko lelopean. Eguerdia baino lehen jendez lepo zeuden plazaren inguruak, eta Zazpikaleetatik, Indautxutik eta beste zenbait lekutatik iritsitako emakumeek bat egin dutenean, erabat bete dute Kale Nagusia, eta Bilboko erdigunea itxita gelditu da. 12:30ean beste zutabe bat atera da Aita Arrupe pasabidetik udaletxera, zarataka.

Ertzetik erdigunera egin dute emakumeek, eta hiriko erdigunea okupatu dute. Guggenheim museoaren inguruko eremu osoa eta errekaren alde biak morez tindatu dituzte manifestariek, Bilboko udaletxerako bidean. Errekaren ertzak ez ezik, erreka bera ere hartu dute, Deustuko arraun taldeko nesken traineruak handik egin baitu udeletxerako bidea.

Manifestazioa 13:30ean amaitzekoa zen, baina hogei minutu lehenago, eta oraindik zenbait auzotako zutabeak iritsi gabe zeudelarik, guztiz kolapsatuta eta jendez gainezka zeuden Bilboko udaletxearen inguruabarrak. Zutik emakumeak abestuz eman dute bukatutzat ekitaldia; hala ere, emakumeek segitzen zuten hara iristen. Bilboko Udalaren arabera, 30.000 lagun inguruk hartu dute parte manifestazioan.

Bilbotik kanpo ere bai

Hiriburuan ez ezik, Bizkaiko gainerako herri nagusietan ere nabaritu dira deialdiaren ondorioak. Durangon, hiru zutabek herri osoa zeharkatu dute, txapliguak botaz eta lapikoak astinduz. Portugaleten auto karabana, herri gosaria eta kalejira egin dituzte, eta Ezkerraldeko gainerako herrietan ere pikete informatiboak goiz-goizetik aritu dira. Basaurin errepidea moztu dute, eta, besteak beste, Mercadonan eta Bizkaiko Aldundiko Ogasun sailaren ordezkaritzan sartu dira. Lekeition, berriz, solasaldia egin dute emakumeek udaletxearen aurreko plazan.

Gernikan, Durangon, Getxon, Barakaldon, Lekeition, Mungian, Basaurin eta beste zenbait herritan ere eguerdian egin dituzte manifestazioak. Herri batzuetan, Durangon eta Gernikan esaterako, zutabeka egin dute eguerdiko mobilizazioa, eta han batu dira ikasleak, pentsiodunak, etorkinak, gizarte zerbitzuetako langileak eta beste multzo batzuk. Markinan "besarkada feminista" egin dute.

Immigrazio bulegoa, itxita

Eguerdiko mobilizazioen ostean, herri bazkariak egin dituzte Bizkaiko hiri eta herri gehienetan, arratsaldeko ekitaldietarako indarrak biltzeko asmoz.

17:00etan, emakume ugari elkartu dira Bilboko Kale Nagusian dagoen immigrazio bulegoaren aurrean, eta zigilatu egin dute, Inor ez da ilegala eta Atzerritarren Legeak egunero hil egiten du oihu artean.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.