Gipuzkoa

"Zuriketa moreak" utzi, "politika feminista ausartak" ezartzeko

Greba egunaren "arrakasta" ospatzearekin batera, erakundeei "politika feminista ausartak" exijitu dizkiete iluntzean Donostian egin den manifestazio jendetsuan. Eguerdiko elkarretaratzean, pentsiodunek, zahar etxeetako langileek, garbitzaileek, eta andrazko atzerritarrek hartu dute hitza.

Jendetza elkartu da Donostian arratsaldeko manifestazioan. JON URBE / FOKU
Igor Susaeta.
2019ko martxoaren 8a
10:14
Entzun

Goizeko eta eguerdiko mobilizazio jendetsuen ostean, ilunabarrean abiatu den manifestazioaren "arrakasta" nabarmendu du Donostiako mugimendu feministak. Aurretik zabaldutako mezuarekin jarraituz, erakundeei zuzendu zaizkie emakume grebalariak arratsaldean ere: "Zuriketa more asko entzuten eta ikusten ari gara, baina, bihartik aurrera, ez dugu gehiagorik nahi: bihartik aurrera, politika feminista ausartak exijitzen ditugu".

Antiguako tuneletik abiatu da manifestazioa, eta adin guztietako andreak batu zaizkio bidean. Irten aurretik, greba egunaren balorazio nazionala egin du Ana Txurruka Euskal Herriko Mugimendu Feministako kideak: "Planto egin dugu, bizitza sostengatzen duten lanak utzi, eta Euskal Herri osoko kaleak hartu ditugu. Ukabilaz ezetz esan diogu zapaltzen gaituen sistemari". Haserre agertu dira egun osoan emakume grebalariek jasan dituzten polizia identifikazioekin: gutxienez 60 emakume identifikatu dituzte; 50 Iruñean, eta hamar Gasteizen. "Gure borroka moldeak legitimoak dira, eta eutsi egingo diegu".

Bost ardatz izan ditu grebak: zaintza, ikasle gazteak, kontsumoa, pentsiodunak eta soldatapeko lana. Ardatz bakoitzeko ordezkari banak egin du egunaren balorazioa. "Arbuiatu" egin dituzte "zaintza lanak egituratzen dituen heteroaraua eta familia eredu patriarkala"; "langile estatusetik alboratuak" diren ikasleak kalera atera dira; kontsumo ereduaren kritika egiteaz gain, "elikadura burujabetza sustatzen duten moldeak" nabarmendu dituzte; pentsionisten borroka borroka feminista dela aldarrikatu dute; eta esan dute "lan eremu gehienetako emakumeek" egin dutela bat grebarekin.

Manifestazio jendetsuan, Zuek, matxistak, zarete terroristak, Erasorik ez, erantzunik gabe eta Munilla, deabrua zure bila leloak oihukatu dituzte, besteak beste. Mugimendu feministak nabarmendu du ez dela sindikatuek deitutako manifestazioa eta greba eguna izan, antolatutako emakumez osatutako mugimendu batek egina baizik. Zenbakiei garrantzirik eman ez dieten arren, aurreratu dute astelehenean emango dituztela gaurko mobilizazioen datuak, "ziurrenik, sindikatuek".

Eguerdiko mobilizazioak

Eguerdian, milaka pertsona bildu ditu kioskoaren bueltan egindako ekitaldiak. Gainezka egin du Gipuzkoako hiriburuko Bulebarrak, eta adin guztietako emakumezkoak bildu ditu greba feministak lurraldean antolatutako ekitaldi nagusiak. Atzerapausorik, bat bera ere ez, eta, besteak beste, Gora greba feminista leloak oihukatu dituzte han bildutako andrazkoek. Diskurtsoen garaian, pentsiodunek salatu dute soldata arrakalak pentsioen arrakalak "betikotzen" dituela. Etxeetan lan egiten duten emakumezko etorkinek kritikatu dute ez direla "aurpegirik gabeko milaka beso". Erakundeei egotzi diete diskurtsoez "nazkatuta"  daudela, eta, horren "erantzule" diren neurrian, haien "lan baldintzak" aldatzeko eskatu diete. Epaitegietako eta komisaldegietako garbitzaileek ere —gehienak andrazkoak dira— haien lan baldintzak salatu dituzte. Ez daramatzate alferrik 171 egun greban.

[youtube]https://youtu.be/ki1Cqw7ZH-c[/youtube]

Bizitza erdigunean jarri eta berdintasuna oinarri izango duen itun soziala aldarrikatu dute goizean Donostian egindako ekitaldian. Emakumezkoetako asko bertara iritsi dira Donostiako hainbat auzotatik abiatutako zutabeetan. Bai hiriburuan eta baita probintziako beste hainbat lekutan ere mobilizazio jendetsuak egin dituzte emakumezkoek. Arratsaldeko mobilizazioei ekin aurretik, tupper-bazkari autogestionatua egin dute hainbat herritan. 19:00etan manifestazioa egingo dute Donostian, Antiguako tuneletik abiatuta.

Eguerdian, ekintza zuzen bat egin dute Artzain Onaren aurrean.

Bulebarreko kioskoaren bueltan egindako ekitaldia minutu bateko isilunearekin amaitu dute. Indarkeria matxistak hildako emakumezkoak oroitu dituzte modu horretan.

Bulebarreko kioskoa jendez inguratuta egon da.

Jaizkibel konpainiako zapiak altxatzen.

Garbitzaile grebalariak elkarretaratzera iristen. Donostian bezala, beste hainbat tokitan egin dituzte manifestazioak.

Gipuzkoako herrietako ekitaldiak

Azpeitian, kalejiran iritsi dira emakumeak plazara. Globo more bana eskuan, kioskoa inguratu dute, mosaiko erraldoia osatuz. Azoka Plazan egin dute bazkaria, eta mahai ingurua eta tailerrak izan dituzte ondoren.

Arrasaten, jendez bete da herriko plaza. Kantuz egin dituzte haien aldarrikapenak eguerdian, eta mikrofono irekia izan dute ondoren.

3.500 lagun elkartu dira Tolosan eguerdian egin duten manifestazioan, herrian egin den "inoizko mobilizaziorik jendetsuenetako batean". Eskualdeko emakumeak auto karabanan abiatu dira ondoren.

Pentsionistak, zaintzaileak... Elkarretaratzea Hernanin.

Goizean goizetik kalean

Mugimendu feministak gaurko deitutako greba goizean goizetik hasi da nabaritzen. Donostiako Egia auzoan, esaterako, 08:00etarako esnatu dituzte auzokoak, zanpantzarren doinuekin.

Eta Tolosan batukada feminista egin dute, oraindik argitu gabe zegoenean. Gainera, dagoeneko egin dute performance bat.

Donostian, gurpildun martxa egin dute Martuteneko espetxetik.

Grosen, gizonezkoen izena duten kaleei izenak aldatu dituzte.

Donostiako Justizia Jauregian pintaketak egin dituzte.

Beasainen autodefentsa feministarako ikastaroa egin dute.

Bizikleta martxa egin dute Zarautzen.

Ordizian, txalo artean hartu dituzte erresidentziara zerbitzu minimoak egitera joan diren emakumezkoak.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.