Martxoak 8

Greba feminista sendo agertu da kalean eguerdiko mobilizazioetan

Milaka emakume atera dira kalera goizean goizetik, eta grebalariek plazak bete dituzte eguerdiko ekitaldi nagusietan. Identifikatuak ere izan dira; besteak beste, Iruñean eta Gasteizen.

Hodei Iruretagoiena.
2019ko martxoaren 8a
10:15
Entzun

Greba feministak Euskal Herri hiriburu eta herrietako kaleak hartu ditu goizean goizetik; piketeak, errepide mozketak, bizikleta martxak, elkarretaratze eta mobilizazioak... Grebalariek askotariko erak erabili dituzte aldarri feministak entzunarazteko. Eguerdian egin dituzte eguneko lehen mobilizazio nagusiak, eta identifikatu ugari egon dira, besteak beste Iruñean eta Gasteizen. Arabako hiriburuan, esaterako, Ertzaintzak portaletara sartu ditu emakume grebalariak, identifikatzeko argudioarekin, eta inguruko kideek babestu dituzte.

Baionan, grebalarien bazkaria egin dute eguerdian. Baionako merkatuan elkartu dira Ipar Euskal Herriko emakume grebalariak bazkari partekatuan parte hartzeko. Ingurune ezberdinetako emakume andana elkartu da. Goizean, Bernart Etxepare lizeoko grebalariak Zizpa gaztetxean elkartu dira, apainketa lanak egiteko.

Nafarroan, mobilizazio jendetsuak egin dituzte eguerdian. Iruñean, 12:00etan egin dute elkarretaratze nagusia, Gaztelu plazan. Egun osoan piketeetan aritu ondoren, feministek goraino bete dute plaza. Poliziekin tentsio uneak ere izan dituzte —Erorien Monumentuan, batez ere—, eta grebalari ugari idenfitikatu dituzte; besteak beste, Txantrean. Pentsiodunak ere batu dira: gutxienez 1.080 euroko pentsioa eskatzen dute erretiratu guziendako.

Mobilizazio horren ondoren ere ez dira geldi geratu grebalariak. Iruñean, Merindades kaleko errepidea moztu dute, itsasoan hiltzen diren emakumeen alde eta politika arrizisten kontra.

Iruñea ez da izan grebaren eragina nabarmen ikusi den leku bakarra. Nafarroako beste herri ugaritan ere egin dituzte mobilizazio jendetsuak eguerdian. Tuteran, esaterako, manifestazioa egin dute goizean, Kapitalismo heteropatriarkalari planto lelopean, eta emakume migranteek hartu dute lehen hitza ekitaldian.

Gasteizen ere goizean goiz hasi da mugimendua. Arte Eder eta Lanbide Eskolako ikasleek margotutako mantal moreekin apaindu dute horma nagusia, eta eltze-jotzeak eta bestelako molde ugari erabili dituzte feministek kalean. Besteak beste, tentsio uneak izan dituzte El Corte Ingles aurrean, baina ixtea lortu dute azkenean. 12:00etan zuten hitzordu nagusia Plaza Berrian, eta aurrez Andra Mari Zuriaren plazan ere bildu da talde bat, "Erasorik ez erantzunik gabe!" oihuka.

Besteak beste, kalerejira antifaxista egin dute eguerdian Gasteizen, eta Pablo Casadoren (PP), Albert Riveraren (Ciudadanos) eta Santiago Abascalen (Vox) irudiak zituen pankarta bat hautsi dute.

Plaza Berrian, berriz, milaka emakume elkartu dira elkarretaratze nagusian. Arabako beste herri ugaritan ere egin dituzte mobilizazioak: Urduñan, Orozkon...

Donostian, hainbat ekintza egin dituzte feministek: besteak beste, udalari pintura zuria bota diote, eta "ez zuritu gure morea" leloa margotu. Artzain Onaren katedralean ere aldarrikatu dute autodefentsa feminista beharrezkoa dela faxismoaren aurka. Fatxa zahar eta berriak sutara. Atzerapausorik ez irakur zitekeen pankarta bat jarri dute:

Ekitaldi nagusia Bulebarrean egin dute: besteak beste, Gipuzkoako zahar egoitzetako langileek eta SOS Arrazakeriako kideek hartu dute hitza, eta minutu bateko isilunea egin dute amaieran, indarkeria matxistak hildako emakukeak gogoan.

Gipuzkoako beste herri batzuetan ere jendetza bildu da eguerdiko mobilizazioetan: Tolosan, Arrasaten... Greba feministak plazak hartu ditu.

Bilbon, itsasadarrean zehar joango dira eguerditik aurrera, zutabetan antolatuta, eta udaletxe aurrean elkartu dira 13:30ean. Jendetza elkartu da udaletxe aurreko elkarretaratzean: 30.000 emakume inguru, udalaren datuen arabera.

Bizkaiko beste herrietan ere izan dira mobilizazioak, askotarikoak, gainera. Markina-Xemeinen, esaterako, "besarkada feminista" egin dute plazan. Lekeition, berriz, Potxuak Martxan talde feministako kideek ginekeologia zerbitzua eskatu dute.

 

Arratsaldeko mobilizazio nagusiak

Arratsaldean, hitzordu nagusiak 19:00etako manifestazioak izango dira: Gasteizkoa Iparralde gizarte etxetik abiatuko da; Donostiakoa, Antiguako tuneletik; Bilbokoa, Jesusen Bihotzetik, eta Iruñekoa, Golem zinematik. Baionakoa 18:30ean abiatuko da, Errepublika plazatik.

Horra beste deialdi batzuk, herrialdez herrialde —Euskal Herriko greba feministaren webgunean daude guztiak ikusgai—:

 

ARABA

-Gasteiz: 18:30: Ekimen antirrazista, gobernu delegaritzan. 19:00 Manifestazioa, Iparralde gizarte etxetik. 22:00: Emakume, trans eta bollerak Talkara.

-Agurain: 19:00: Manifestazioa, San Juan Enparantzatik. Amaitzeko, musika.

-Aiaraldea: 20:00: Eskualdeko manifestazioa, Urduñan.

*Arabako herri askotatik Gasteizko manifestaziora joateko deia egin dute.

BIZKAIA

-Bilbo: 17:00 Atzerritarren bulegoa ixtera goaz. 19:00: Manifestazioa Jesusen bihotzetik.

-Durango: 18:00: Zapalkuntzaren katea, Andra Marin. 18:30: Kalejira, Andra Marin. 19:00: Manifestazioa, Andra Marin.

-Ermua: 19:00: Elkarretaratzea eta manifestazio zaratatsua, plazatik.

-Gernika: 19:00: Manifestazioa, Merkuriotik. 20:30: Sorgin festa, Astran.

-Lekeitio: 19:00: Manifestazioa, Eskolapetik.

*Bizkaiko herri ugaritatik Bilboko manifestaziora joateko deia egin dute.

GIPUZKOA

-Donostia: 19:00: Manifestazioa, Antiguako tuneletik.

-Azpeitia: 20:00: Manifestazioa, plaza berritik. 21:30: Afari autogestionatua

-Goierri: 20:00: Eskualdeko ekitaldia, Lazkaon.

-Bergara: 19:00: Manifestazioa, San Martin plazatik hasita.

-Bidasoaldea: 19:00: Manifestazioa, Hondarribian, San Juan Diosen hasita.

-Oiartzualdea: 19:00: Manifestazioa, Oreretan.

-Zarautz: 19:00: Manifestazioa, udaletxe plazatik.

NAFARROA

-Iruñea: 19:00: Manifestazioa, Golem zinemetatik.

-Altsasu: 19:00: Eskualdeko manifestazioa, Foruen plazatik.

-Elizondo: 19:00: Eskualdeko manifestazioa, plazatik.

-Leitza: 19:00: Manifestazioa.

-Tafalla: 19:00: Manifestazia zaratatsua, Nafarroako plazatik.

-Tutera: 20:00: Elkarretaratzea, Foruen plazan.

-Zangotza: 19:00: Akelarrean, Arkupeetan.

*Nafarroako herri batzuetatik Iruñera joateko deia egin dute.

LAPURDI

-Baiona: 18:30: Manifestazioa, Errepublika plazatik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.