Sevilla 5 - 2 Reala

Kolpea jaso du Realak Sanchez Pizjuanen

Wissam Ben Yedder izan da eguneko izarra, Sevillaren bost goletatik hiru sartuta. Oiartzabalek sartu ditu Realaren biak.

Sevillako jokalariak bosgarren gola ospatzen. JULIO MUñOZ, EFE
arantxa elizegi egilegor
2019ko martxoaren 10a
20:56
Entzun

Sevillaren bolada txarra baliatzea zen Imanol Alguacilen gaurko asmoa, baina lehen zati ona egin duten arren, txuri-urdinek ezin izan dituzte hiru puntuak eskuratu. Etxekoek berreskuratu dute azken asteetan galduta zuten jokoa, batez ere Wissam Ben Yedderren ahaleginari esker. Hark sartu ditu Pablo Machinen taldearen bost goletatik hiru. 

Europarako lehian sartzeko aurkari dituzten Betisen eta Valentziaren garaipenekin, irabaztera zelairatu dira bi taldeak: azken asteetako joko txarra ahazteko helburuarekin etxekoak, eta hartaz baliatuta puntuak bereganatzeko asmoz bisitariak. Etxekoen hutsuneak argi geratu dira lehen minutuetan, baina Ben Yedderren jokoak uzkurrago jokatzera bultzatu ditu Alguacilenak.

Norgehiagokaren 25. minutuan heldu da Sevillaren lehen gola, Sarabiaren jaurtiketa bati esker. Azkar heldu da, ordea, Realaren erantzuna. Oiartzabalek sartu du banakoa. Hala, indarrak berdinduta heldu dira bi taldeak atsedenaldira. Bigarren zatian, baina, egoera erabat aldatu da.

Hiru aukera bikain sortu ditu Ben Yedderrek markagailua alde jartzeko, eta lehen bietan huts egin duen aren, hirugarrenean asmatu du. Hurrengo minutuak Machinen taldearentzat izan dira oso osorik. Erasoan bikain aritu dira eta minutu gutxian 4-1ekoa egina zuten. Artean Alguacilenak noraezean, eta ezinean ibili dira.

Azken uneko presioak eragina izan du txuri-urdinengan. Oiartzabalek sartu du etxekoen bosgarrena bere atean, baina akatsa nolabait konpondu du 5-2koa eginez. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.